Itxi

Gipuzkoa Basket

76-87

Garaipen oso garrantzitsua lortu du Gipuzkoa Basketek Andorraren aurka

eitb.eus

Delteco GBC taldeak 76–87 irabazi dio MoraBanc Andorrari eta denboraldiko 3. garaipena eskuratu du. Aurrerapausoa eman dute gipuzkoarrek maila mantentzeko lehiari begira.

Delteco Gipuzkoa Basketek partida garrantzitsua irabazi du MoraBanc Andorraren aurka (76-87) eta aurrerapausoa eman du mailari eusteko lehian, denboraldiko 3. garaipena lortuta.

Neurketa parekatua izan da lehen minutuetan, baina hasierako bost minutuak gainditu ostean, etxeko taldea hasi da nagusi izaten. Andorrak zuloa ireki du markagailuan eta 6 puntuko abantaila eskuratu du lehen hamar minutuen amaieran (19-13).

Bigarren laurdenari ondo ekin dio Delteco Gipuzkoa Basketek eta laurdenaren erdialdera iritsi orduko puntu bakarrera gerturatu da (25-24). Jarraian, aurrea ere hartu du Donostiako taldeak (25-27), baina hortik aurrera nagusi izan da etxeko taldea eta MoraBanc Andorrak 8 puntuko errenta eskuratu du atsedenaldira iristean (42-34).

Atsedenaldia ondo etorri zaio Gipuzkoa Basketi. Delteco GBC taldeko jokalariak indartsu kantxaratu dira, eta atsedenaldira eraman duten desabantaila murrizteaz gain, aurrea hartu dute berriro (44-45) hirugarren laurdena bukatzeko 4 minutu falta zirenean. Hiru puntuko aldea ere eskuratu du Delteco GBC taldeak (50-53), baina azken laurdenera 4 puntuko desabantailarekin iritsi da (61-57).

Azken laurdenari bikain ekin dio Gipuzkoa Basketek. Erritmo bizia ezarri dio neurketari, defentsa sendotu du, eta erraz asmatu du aurkariaren saski aurrean; ondorioz, laurdenaren erdialderako 10 puntuko errenta eskuratu du (65-75).  Azken txanpan gogotik ahalegindu da etxeko taldea aldeak murrizten, baina Gipuzkoa Basketek ondo eutsi dio abantailari eta garaipenak ez dio ihes egin (76-87).

Fitxa teknikoa:

76 - BC MoraBanc Andorra (19+23+19+15): Albicy (4), Dylan Ennis (16), David Walker (7), John Shurna (10) eta Moussa Diagne (4) -hasierako bostekoa-, Upshaw Jr. (7), Rafa Luz (2), Michele Vitali (4), David Jelínek (12), Oliver Stevic (4) eta Whittington (6).

87 - Delteco GBC (13+21+23+30): Dani Perez (3), Nevels (23), Corbacho (17), Beqa Burjanadze (2) eta Sekulic (9) -hasierako bostekoa-, Bobrov (4), Miquel Salvo (7), Jorge Gutierrez (9), Van Lacke (13) eta Xabi Beraza (-).

Epaileak: Dani Hierrezuelo, Martin Caballero eta Sanchez Sixto. Sekulic, Bobrov eta Miquel Salvo kanporatu ditu faltengatik.