Itxi

Gipuzkoa Basket

93-92

GBCk salbazioa lortzeko aurrerapausoa eman du, Estudiantesi irabazita

Erredakzioa

Delteco GBC taldeak 93 eta 92 irabazi du Movistar Estudiantesen aurka. Madrilgo taldea aurkari zuzena da mailari eusteko lehian eta Gipuzkoa Basket garaipen bakarrera kokatu da.

5:37
Delteco GBC - Movistar Estudiantes

Delteco GBC taldeak 93 eta 92 irabazi du Movistar Estudiantesen aurka Donostian jokatu duen Endesa Ligako 26. jardunaldiko partida. Ondorioz, mailari eusteko helburua gertuago du Donostiako taldeak, garaipen bakarrera baitago.

Oso gaizki ekin dio neurketari Gipuzkoa Basketek, 0 eta 6ko partziala jaso baitu. Ondoren, ona izan da talde gipuzkoarraren erantzuna, eta puntu bakarrera (8-9) gerturatu da. Hala ere, lehen laurdeneko azken txanpan, berriro nagusitu da Movistar Estudiantes eta bost puntuko abantaila eskuratu du (18-25).

Bigarren laurdenean jaun eta jabe izan da Estudiantes. Delteco GBC ezinean ibili da. Etxeko taldeari kosta egin zaio aurkariaren defentsak gainditzea, baita Estudiantesen erasoaldiak gelditzea. Ondorioz, abantailak handitzen joan da Movistar Estudiantes, eta Gipuzkoa Basket 22 puntuko desabantailarekin heldu da atsedenaldira (31-53).

Jokoa hobetu du Delteco GBC taldeak atsedenaldiaren ostean. Defentsako lana sendotu dute talde donostiarreko jokalariek, eta erasoan gehiago asmatu dute. Hirugarren laurdenaren erdialderako, hamar puntura murriztu desabantaila Gipuzkoa Basketek (51-61). Desabantaila hamar puntuetatik jaistea lortu du etxeko taldeak laurdenaren azken txanpan (66-73).

Zazpi puntu atzetik ekin dio azken laurdenari Gipuzkoa Basketek, eta lan eskerga egin du, aurkariak abantaila ez handitzeko. Lehian mantendu da GBC, eta amaierarako bost minutu falta zirenean, lau puntura gerturatu da (81-85). Ondoren, neurketa amaitzeko hiru minutu t’erdi falta zirenean, puntu bakarrera hurbildu da (86-87). Hurrengo baloi jabetzan, lehen aldiz hartu du aurrea GBCk (89-87), Perezen hiruko bati esker. Estudiantesek kolpea jaso du, baina azkar berregin da, partida berdinduta (89-89), eta jarraian hiruko bat sartuta (89-92). Segidan puntu bakarrera jarri da Gipuzkoa Basket, eta amaierarako minutu baten faltan, aurrea hartu du (93-92). Neurketako azken jabetza Estudiantesek izan du, baina GBCk lan bikaina egin du defentsan, eta oso garaipen garrantzitsua lortu du.

Fitxa teknikoa:

93.- Delteco Gipuzkoa Basket: Dani Perez (5), Nevells (10), Salvo (4), Burjanadze (26), Sekulic (2) - hasierako taldea - Barro (4), Vobrov (19), Zeisloft (19), Rebec (4), Corbacho, Van Lacke, Maiza,

92.- Movistar Estudiantes: Brizuela (10), Cook (21), Vicedo (3), Canner- Medley (5), Whittington (17) - hasierako taldea- Hakanson (9), Suton (6), Grytsak, Lampropoulos (2), Sola (2), Clavell (17)

Epaileak: Conde, Manuel eta Padros.

Markagailua laurden bakoitzaren bukarean: 18-23; 31-53 -atsedenaldia- 66-73; 93-92.