Itxi

Gipuzkoa Basket

Jaitsiera

Gipuzkoa Basketek agur esan dio Endesa Ligari, Baskoniaren aurka porrota jasota

A. B. E. | EITB Media

Acunsa GBCk galdu egin du TD Systems Baskoniaren kontra (63-81) jokatu duen Endesa Ligako 35. jardunaldiko partida, eta Urrezko LEB Mailara jaitsi da.

5:39
Gipuzkoa Basket - Baskonia

Acunsa GBC taldea Urrezko LEB Mailara jaitsi da ostegun honetan TD Systems Baskoniaren aurka porrota (63-81) jaso ostean Endesa Ligako 35. jardunaldiko partidan. Gipuzkoa Basketek agur esan dio Endesa Ligari.

Lehen laurdenean jaun eta jabe izan da Baskonia. Arabako taldea abantaila hartzen hasi da bigarren minututik aurrera eta bosgarren minutuan 8 puntuko errenta eskuratu du (5-13). Ondoren, areagotu egin da Ivanovicek zuzentzen duen taldearen nagusitasuna, eta 20 puntuko abantaila eskuratu du (9-29) lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenean erabat aldatu da partidaren gidoia. Gipuzkoa Basketek asko hobetu du, eta, pixkanaka desabantaila murrizten hasi da. Acunsa GBC taldeak 17 puntu jarraian lortu ditu, eta hiru puntura gerturatu da (26-29) bost minututan. Baskoniak sei minutu baino gehiago eman ditu saskiratze bat sartu gabe. Azken txanpan, talde gasteiztarrak puntuak lortu ditu, eta neurketa arabarren aldeko 32-38ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, berriro nagusi izan da Baskonia. Gipuzkoa Basketek ezin izan dio aurkariak jarritako erritmo biziari eutsi, eta talde bisitaria markagailuan zuloa irekitzen hasi da. Hamasei puntuko abantaila izan du TD Systems Baskoniak (35-51), baina hirugarren laurdenaren azken txanpan Acunsa GBCk aldeak murriztea lortu du (42-51).

Laugarren eta azken laurdenean, Baskoniaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Gasteizko taldeak nahiko eroso jokatu du azken hamar minutuetan, Gipuzkoa Basket ezinean ibili da, eta norgehiagoka TD Systems Baskoniaren garaipenarekin (63-81) amaitu da.

Fitxa teknikoa:

63 - Acunsa Gipuzkoa Basket (9+23+9+22): Fagiano, Tomas (7), Radoncic (12) eta Dee (13), Okouo (14) -hasierako taldea- Carlson (4), Span (11), Olaizola (2) eta Motos.

81 - TD Systems Baskonia (29+9+14+29): Jekiri (5), Henry (14), Polonara (23), Kurucs (7) eta Giedratis (17) -hasierako taldea- Dragic (4), Raieste, Diop (2), Sederkeskis (7), Raieste, Colom (2), Massenat eta Savkov.

Epaileak: Miguel Angel Perez, Sergio Manuel eta Roberto Lucas. Olaizola kanporatu dute, bost falta egiteagatik.