Baskonia
Cedevita Zagreben aurka
Baskoniak garaipena nahi du Top 16ri bigarren postutik ekiteko
Agentziak | Erredakzioa
Perasovicen gizonek, Cedevitari gailentzeaz gain, behar dute Olympiacosek Anadolu Efes menpean hartzea; izan ere, turkiarrak dira taldeko bigarren tokian azken jardunaldiaren faltan.
-
Baskoniak bigarren postua lor lezake. Argazkia: EFE.
Laboral Kutxak Cedevita Zagreb hartuko du Euroligako fase erregularreko azken jardunaldian. Gasteiztarrek taldeko bigarren postua eskuratzeko aukerak dituzte, Top 16ri ahalik eta ondoen ekiteko, baina horretarako garaipena behar dute kroaziarren aurka.
Osteguneko partidan irabazteaz gain, Perasovicen gizonak Olympiacos eta Anadolu Efesen arteko neurketako emaitzaren zain egon beharko dira; izan ere, talde turkiarrak galdu behar du Baskonia bigarren postuan amaitu ahal izateko.
Anadolu Efes, Cedevita eta Baskonia oso parekatuta daudenez, azken jardunaldiko emaitzek zehaztuko dute hiru talde horiek azkenean zein postutan amaitzen duten talde-fasea.
Hala, Baskoniak bigarren postua lor lezake; baina galduko balu, eta arerio zuzenek irabaziko balute, baliteke hirugarren edo laugarren tokian ere amaitzea.
Hiru partida irabazi gabe, jarraian
Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldeak garaipena behar dute; izan ere, azken astean hiru porrot jarraian jaso dituzte: bi Endesa Ligan, eta beste bat Euroligan.
Cedevita Zagreben aurkako partidan, aukera ona dute gasteiztarrek bolada txarrari amaiera emateko. Kroaziarrak ere sailkatuta daude; Zagreben jokatutako neurketan 76-67 irabazi zuten, eta haiek ere, Baskoniak bezala, Top 16rako euren postua hobetu nahi dute.
Baskoniako jokalari guztiak daude prest partidarako. Causeurrek eta Bourousisek arazo fisiko batzuk izan dituzte azken egunetan, eta ezin izan dute egoera onenean jokatu aurreko partidetan, baina sendatuta daude.
Arabarrek, irabaztekotan, marka ezarriko lukete: Euroligako historian lortzen duten 200. garaipena izango litzateke. Orain arte, bost taldek bakarrik erdietsi dituzte horrenbeste garaipen: hain zuzen, CSKA Moskuk, Bartzelonak, Panathinaikosek, Maccabik eta Olympiacosek.