Baskonia
BUESA ARENA, 21:00
Kirolbet Baskoniak zortzigarren tokiari eutsi nahi dio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armani Milan hartuko dute Buesan gasteiztarrek. Talde biek zortzi partida irabazi dituzte orain arte, eta hamar galdu.
-
Luca Vildoza eta Mike James, aurrez aurre. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak berebiziko garrantzia duen neurketari egingo dio aurre ostiral honetan, Euroligako 19. jardunaldian (21:00). Izan ere, sailkapenean daukan zortzigarren tokia izango du jokoan arerio zuzena duen Armani Milanen aurrean. Talde biek zortzi partida irabazi dituzte orain arte, eta hamar galdu, baina gasteiztarrek puntu kopuru gehiago dituzte euren alde. Hori dela eta, aurretik dira sailkapenean.
Guztira sei talde daude sailkapenaren erdialdean kokatuta, garaipen bakarreko aldearekin. Horien arteko lehena Baskonia da, talde italiarrarekin eta Panathinaikosekin batera berdinduta dagoena.
"Partida bakoitza garrantzitsua da, baina nahiz eta irabazi, ez gara sailkatuko; eta galduz gero, ez gara kanpoan geratuko", gogorarazi nahi izan du Velimir Perasovicek, bere jokalariei presioa kentze aldera.
Entrenatzaile kroaziarrak Tornike Shengelia eta Jayson Granger min hartuta ditu. Horrez gain, Johannes Voigtmannek gripea gainditu berri du, eta Matt Janningek eta Shavon Shieldsek bihurritu bana dute euren orkatiletan. Badira ere alde positiboak, ordea, Patricio Garino argentinarra taldeko dinamikara itzuli baita, eta minutu batzuk izan ditzake norgehiagokan zehar.
Eragozpen horiek guztiak gorabehera, Baskoniak kemen handia erakutsi du azken partidetan, eta lehiakorra izateko gauza izan da, Gasteizen jokatuko den Lauko Finalean egotearekin amesten segitzeko asmoz.
Bere aldetik, Milanek ere baditu bere arazoak. Nemanja Nedovic joko-antolatzailea eta Kaleb Tarczewski pibot estatubatuarrak jokatu ezinda baitaude oraindik.
Jokatzeko moduan dituen jokalariei dagokienez, berriz, Baskonian aritutako bi izen nabarmentzen dira Milango taldean: Vladimir Micov eta, batez ere, Mike James (ia 20 puntu partida bakoitzeko), bi horiek baitira talde italiarrari puntu ekarpen handiena egiten dietenak.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia: Marcelinho, Hilliard, Shields, Voigtmann eta Poirier –balizko hasierako bostekoa– Vildoza, Diop, Janning, Penava, Gonzalez, Kurucs eta Raieste.
Armani Milan: James, Bertans, Micov, Brooks eta Gudaitis –balizko hasierako bostekoa–; Kuzminskas, Cinciarini, Jerrells, Omic, Della Valle, Fontecchio eta Burns.
Epaileak: Lottermoser, Mogulkoc y Difallah.
Pabiloia: Fernando Buesa Arena.
Ordua: 21:00.