Itxi

Baskonia

28. JARDUNALDIA

Baskoniak Real Madril garaitu du eta hurbilago du hurrengo fasea (86-76)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen taldeak 15 garapen ditu eta seigarren dago sailkapenean. Partida bateko aldea aterazen dio bederatzigarren tokian dagoen Olympiakosi.

2:17
Voigtmann eta Yusta

Kirolbet Baskoniak irabazi egin du Real Madrilen aurka (86-76), ostiral honetan jokatu den Euroligako 28. jardunaldian, eta, play-offetara sailkatzeko aukera esku-eskura dauka, lehen fasea amaitzeko bi norgehiagoka falta direnean.

Gainera, gasteiztarrek eten egin dute madrildarren kontra zeramaten bolada gaiztoa, dagoeneko zazpi partida baitziren Pablo Lasoren taldea menderatu ezinda.

Bi taldeek hutsune ugari izan dituzte lehiari ekiteko garaian: etxekoen aldetik, lesionatuta jarraitzen dute Tornike Shengelia, Jayson Granger, Matt Janning eta Patricio Garino. Madrildarrei dagokienez, berriz, ez dira kantxaratu Facundo Campazzo, Felipe Reyes, Walter Tavares eta Gabriel Deck.

Gasteiztarrak hasi eta buka gailendu dira partidan, eta nagusitasun hori erdiesteko bidean hiru jokalari nabarmendu dira beste guztien gainetik: Vincent Poirier pibot frantziarra (19 puntu, 16 errebote eta 30eko balorazioa), Johannes Voigtmann alemaniarra (13 puntu eta 15eko balorazioa) eta Luca Vildoza joko-antolatzaile argentinarra (20 puntu eta 20ko balorazioa).

Zurien aldetik, Trey Thompkins (17 puntu eta 16ko balorazioa) eta Jaycee Carroll (16 puntu eta 14ko balorazioa) izan dira jokalari lehiakorrenak, baina bi jokalari horien ekarpena ez da nahikoa izan Baskoniari garaipena kentzeko.

Ligaxkakako hurrengo jardunaldian, hots, hogeita bederatzigarrenean, gasteiztarrek euren zaleen babesean jokatuko dute berriro. Datorren ostiralean izango da hitzordua, eta Anadolu Efesi egin beharko diote aurre 20:30etik hasita. Talde turkiarra laugarrena da sailkapenean, Baskoniak baino hiru neurketa gehiago irabazi baititu.

Fitxa teknikoa:

86 - Kirolbet Baskonia (22+17+25+22): Huertas (12), Vildoza (20), Shields (10), Voigtmann (13) eta Poirier (19) –hasierako bostekoa–, Diop (-), Jones (9) eta Hilliard (3).

76 - Real Madrid (18+18+17+23): Llull (5), Causeur (-), Yusta (9), Randolph (-) eta Kuzmic (8) –hasierako bostekoa–, Rudy Fernandez (5), Ayn (4), Pantzar (3), Carroll (16), Prepelic (9), Thompkins (17) eta Taylor (-).

Epaileak: Matej Boltauzer (Eslovenia), Emin Mogulkoc (Turkia) eta Gytis Vilius (Lituania). Ez dute inor kanporatu.