Itxi

Baskonia

play-offetako 4. partida

Kirolbet Baskoniak agur esan dio 'bere' Euroligari (83-92)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arabarrak aurretik sartu dira azken 10 minutuetan, baina azken laurden txarrak (12-24) etxekoen itxaropenak zapuztu ditu.

  • Patricio Garino Nando de Colo defendatzen

    Patricio Garino Nando de Colo defendatzen. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia ez da izango maiatzean Gasteizen jokatuko den Euroligako Lauko Finalean, ezin izan baitu CSKAren aurkako kanporaketa gainditu (1-3), laugarren partidan 83-92 galdu ostean.

Gasteiztarrek energia, joko eta defentsako lan izugarria azaldu dute neurketako zatirik gehienean, baina ideiarik gabe geratu dira azken laurdenera iristearekin bat. Tarte horretan, 0-15eko partziala jaso dute, eta zortzi minutu egon dira punturik sartu ezinda (12-24 izan da laurden horretako azken emaitza).

Nando de Colo frantziarrak gidatu du beste behin CSKAren jokoa: 35eko balorazioa lortu du, 27 puntu sartu, 4 errebote eskuratu, 4 asistentzia eman eta 4 baloi berreskuratu eta gero.

Baskoniaren aldetik, Vincent Poirier pibota nabarmendu da berriz (31ko balorazioa), eta oraingoan Patricio Garino (5 hiruko sartu ditu hutsik egin gabe) eta Johannes Voigtmann izan ditu bidelagun puntuak pilatzerako garaian. Aitzitik, Cory Higgins edota Nikita Kurbanovek lan bikaina egin dute Moskuko taldearen alde, Euroligako azken faserako txartela lortzeko ahaleginean arrakasta izateko.

Norgehiagokaren hasiera parekatuta joan bada ere, etxekoek laster erakutsi dute beraientzat kale edo balekoa zela lehia. Lehen laurdenean, Higginsen puntuek oztopatu dute Baskoniak markagailuan alde egin zezala.

Bigarren laurdenean, ordea, Perasovicenak nagusi izan dira. Garinok jarraian sartutako hiru hirukok eta Shengeliaren eta Poirierren ekarpenak 11 goitik jarri ditu gasteiztarrak (46-35). Bitartean, De Colo gogor ari zen lanean zulo hori gehiago handi ez zedila lortzeko, eta, hala, bere saskiratze batek bederatzi puntura murriztu du markagailuko aldea atsedenaldira iristean (48-39).

Aldageletatik itzuli direnean, saskipean jaun eta jabe zen Poirierrek eta Voigtmann pibot alemaniarrak 12 puntura arte igoarazi dute etxekoen abantaila (55-43). Alabaina, De Colok jardunean ziharduen, eta bere agintepean asko estutu da emaitza azken laurdenera heldu orduko (71-68).

Une horretatik aurrera, CSKAren defentsak ito egin du Baskoniaren erasoko jokoa, eta, gainera, Dimitrios Itoudisen taldeak errebote anitz pilatu ditu arabarren saskipean. Etxekoen puntu-lehortearen erdian (Hilliardek lau jaurtiketa libre huts egin ditu jarraian) Clyburnek sartu duen hiruko batek (76-80) partidaren azken txanpak nondik nora joko zuen erakutsi du.

Horrenbestez, azkenerako, CSKAk ezerezean utzi du 'bere' Lauko Finalean izateko Baskoniaren ametsa.

Fitxa teknikoa:

83 - Kirolbet Baskonia (22+26+23+12): Huertas (9), Shields (6), Garino (16), Shengelia (11) eta Voigtmann (12) –hasierako bostekoa–, Vildoza (-), Poirier (21), Jones (-) eta Hilliard (8).

92 - CSKA Moscú (20+19+29+24): Hackett (-), De Colo (27), Kurbanov (15), Vorontsevich (-) eta Hines (8) –hasierako bostekoa–, Bolomboy (5), Peters (4), Rodriguez (2), Clyburn (6), Higgins (19) eta Hunter (6).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Sasa Pukl (Eslovenia) eta Emin Mogulkoc (Turkia). Huertas eta Hilliard kaleratu dituzte bost faltengatik (40. min).