Baskonia
BUESA ARENA, 21:00ETAN
Baskoniak Buesa Arenaren hauspoa baliatu nahi du Bayerni aurre egiteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabarrek garaipenaren bidera itzuli nahi dute, Asvelen aurka galdu izanak utzitako zapore garratza kentzeko.
-
Shavon Shileds, Olympiakosen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskonia Buesa Arenara itzuliko da ostiral honetan, Bayern Munich taldearen aurka irabazi eta Asvel Villeurbanneren aurka izandako porrotak (66-63) eragindako zalantzak uxatzeko asmoz.
Arabarrek garaipenaren bidera itzuli nahi dute, Frantziatik esku hutsik bueltatu baitziren asteartean, partida eskura izan eta gero. Alabaina, erne egon behar dute, alemaniarrak moralez beteta iritsiko baitira Gasteizera, Real Madrili nagusitu eta gero.
Denboraldi honetan Gasteizen jokatuko den bigarren neurketa europarra izango da. Lehendabizikoan, Velimir Perasovicen gizonek uste baino errazago azpiratu zuten Olympiakos (82-66).
Lehiari behar bezala heltzeko kanpoaldetik egindako jaurtiketetan eraginkorrago agertu beharko dute gasteiztarrek, eta erregulartasun handiagoa erakutsi jokoan.
Alemaniarrek hiru garaipen (Real Madril, Armani Milan eta Asvel) eta bi porrot (Khimki eta CSKA) izan dituzte orain arte, eta Greg Monroe NBAko jokalari ohia da Bavariako taldean gehien nabarmentzen ari dena (13,4 puntu, 7 errebote, ia 4 asistentzia eta 1,2 tapoi partida bakoitzeko).
Moenroez gain, Vladimir Lucic, Nihad Dedovic eta Danilo Barthel ere azpimarratzeko moduko izenak dira.
Bi aurrekari baino ez daude bi taldeen artean, aurreko Euroligakoak, hain zuzen ere. Bakoitzak partida bana irabazi zuen orduan, norberak bere kantxan jokatutakoa: Munichen (77-71) eta Gasteizen (76-68).
Tornike Shengeliaren eta Pierria Henryren sasoi onari helduta, joera hori luzatzen saiatuko da Baskonia.