Itxi

Baskonia

Buesa Arenan, 21:00etan

Baskoniak Makabiren bolada ona eten nahi du gaur Buesa Arenaren babesarekin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Israeldarrek bost garaipen jarraian lortu dituzte, lehen bi jardunaldietan galdu ostean.

0:31
Velimir Perasovic

Kirolbet Baskoniak, Buesa Arenaren bultzada lagun duela, Makabi Fox Tel-Aviven bolada onari egin beharko dio aurre gaur, 21:00etan, Euroligako zortzigarren jardunaldian. Israeldarrek bost garaipen lortu dituzte jarraian, lehendabiziko bi neurketak galdu eta gero.

Hurrengo hamar egunetan Baskoniak Gasteizen jokatu beharko dituen bost partidetako lehena izango da ostegun honetakoa, Europako lehiaketa eta Endesa Liga aintzat hartuta.

Velimir Perasovicek Pierrià Henry joko-antolatzaile estatubatuarra jokatzeko moduan izango du, ziurrenik, Armani Milanen aurkako lehian (81-74) bihurritua izan eta Obradoiroren kontra (79-92) jokatu ezinda ibili eta gero.

Ioannis Sfairopoulosen taldeari dagokionez, Euroligako laugarren postuan dago sailkatuta, bost garaipen eta bi porrotekin. Ez dago argi taldeko jokalari nabarmenetakoa den Omri Casspi jokatzeko moduan izango den, baina gainerako izen azpimarragarrienak (Scottie Wilbekin, Nate Wolters, Othello Hunter eta Tarik Black) prest izango dira.

Baskonia izango dute aurrean, Tornike Shengeliaren gidaritzapean. Izan ere, taldeko kapitaina bere ibilbide profesionaleko zenbakirik onenak ari da lortzen Euroligan, eta txapelketako jokalari baliotsuenen sailkapeneko goialdean ageri da, Nando De Colorekin batera.

Perasovicen gizonek arreta berezia jarri beharko dute defentsako lanean, Asiako taldea saskiratze gehien lortzen duen hirugarren taldea (84 puntu, batez beste) eta errebote gehien harrapatzen duen bigarrena.

Aitzitik, Makabi da jaurtiketa libreetan talderik txarrena. Dena den, Baskoniak ere zenbaki eskasak ditu alor horretan, batez beste jaurtiketen % 68 saskiratzen baitituzte biek.

Israeldarrek 2012-13ko denboraldian irabazi zuten azkenaldiz Gasteizen (62-66), eta neurketa hartan Macej Lampe nabarmendu zen, 19 punturekin.