Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak bolada txarrari amaiera eman nahi dio gaur

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak talde CSKA Moskuren aurka jokatuko du Buesa Arenan, Euroligako bederatzigarren jardunaldiko partida.

6:21
Velimir Perasovic. Argazkia: EiTB

Kirolbet Baskoniak CSKA Mosku izango du aurkari gaur Buesa Arenan, 21:00etan, Euroligako bederatzigarren jardunaldiko partidan. Bolada txarrari amaiera ematea izango du helburu Arabako taldeak.

Zalantzaz beteta iristen da Baskonia, eta jokari garrantzitsu batzuk min hartuta daude: Shavon Shieldsek lesioa du sorbaldan eta ia ezinezkoa izango du jokatzea; Michael Eric gastroenteritisarekin ibili da, baina prest izango du Perasovic entrenatzaileak; Patricio Garinok ere bizkarreko arazoak ditu, eta minarekin jokatzen ari da. Arazo hauei guztiei, Euroligako azken partidan Maccabiren aurka Euroligan jasotako jipoia eta Endesa Ligan Fuenlabradaren aurka galdu izan gehitu behar zaie.

Egoera ez da aproposena Europako egungo txapeldunari aurre egiteko, baina garaipen batek Arabako taldearen bolada txarrari amaiera ematea eta zalantzak baztertzea eragingo luke.

Baskoniako jokalari ohiak izandako Darrun Hilliard eta Johannes Voigtmann egongo dira Buesa Arenan CSKArekin. Hilliard joko-antolatzailea Euroligan saskiratze gehien lortu dituen jokalarietako bat da, eta hiruko gehien sartzen dituen hirugarrena ere bada. Gainera, talde errusiarra da Euroligan hiruko gehien sartzen dituena.

CSKAri ondo ematen zaio Baskoniaren aurka jokatzea, elkarren kontrako partida gehienetan talde errusiarra atera baita garaile. Elkarren aurka jokatutako 39 partidetatik, 30 irabazi ditu CSKAk eta 9 aldiz lortu du garaipena Baskoniak.