Itxi

Baskonia

EUROLIGAKO 23. JARDUNALDIA

Baskoniak ezustean harrapatu nahi du berriro gaur Real Madril

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek hiru neurketa galdu dituzte jarraian, Euroliga eta Endesa Liga kontuan hartuta.

1:10
Pablo Laso

Kirolbet Baskoniak eta Real Madrilek elkarren aurka jokatuko dute gaur, Euroligako 23. jardunaldian, 21:00etatik aurrera.

Horrenbestez, Arabako taldea Wizink Centerrera itzuliko da 10 egunen buruan. Duela bi aste, Endesa Ligako jardunaldiari zegokion partidan, azken minutuetan erabaki zen lehia, eta Dusko Ivanovicen taldearen alde amaitu zen (94-95).

Dena dela, gasteiztarrek hiru neurketa galdu dituzte jarraian Euroliga eta Endesa Liga kontuan hartuta, eta erregulartasunik ezin aurkituta jarraitzen dute denboraldi honetan.

Gainera, Semaj Christon estatubatuarra eta Zoran Dragic esloveniarra heldu berriak taldeko dinamikan sartu behar dira lehenbailehen, hemendik eta denboraldia amaitu bitartean jokalari garrantzitsuak izatea espero baita.

Ivanovicen taldea hamalaugarren postuan dago kokatuta Euroligan, 8 garaipenekin, hau da, play-offak jokatzeko eskubidea ematen duen zortzigarren sailkatuak (Armani Milan) baino bi gutxiago dituzte.

Zuriek, berriz, Makabiri irabazi zioten aurreko jardunaldian Israelen, eta laugarren postuan daude kokatuta, arabarren garaipen kopuru bikoitzarekin.

Joaneko partidari dagokionez, Real Madrilek aise irabazi zuen Gasteizen (55-77), eta jokalari guztiak prest ditu CSKA eta Bartzelonarekin izaten ari den norgehiagokari eusteko. Hirurek dute 16-6ko balantzea, eta Efes (19-3) ahalguztidunari jarraitu nahian dabiltzan hirukotea osatzen dute.