Itxi

Baskonia

Fitxaketa

Jayson Granger Baskoniara itzuli da

A. B. E. | EITB Media

Uruguaiko joko-antolatzaileak Arabako taldea utzi zuen 2019-2020 denboraldia amaituta, Alba Berlinera joateko, eta urtebeteren ostean Gasteizera bueltatzea erabaki du. Bi denboraldirako kontratua sinatu du.

  • Jayson Granger

    Granger, Alba Berlin taldearekin Baskoniaren aurkako partidan, Vildoza ondoan duela. Argazkia: EFE

Baskoniak Jayson Granger fitxatu du bi denboraldirako, klubak astearte honetan jakinarazi duenez. Uruguaiko joko-antolatzaileak Arabako taldea utzi zuen 2019-2020 sasoi amaieran Alba Berlinera joateko eta talde alemaniarrean denboraldi bat jokatu ostean Gasteizera itzultzea erabaki du.

Lesioek ez zioten utzi Baskonian jarraikortasuna izaten, baina Alemanian denboraldi bikaina osatu du, Alba Berlinekin Bundesliga irabazi eta finaleko jokalari onena izan zelarik.

Grangerrek Baskoniarekin Endesa Ligako titulua irabazi zuen 2020an, eta Alemanian denboraldi bat eman eta bertako liga irabazi ostean itzuliko da talde gasteiztarrera, berriro Dusko Ivanovicen aginduetara jarriko delarik.

Berlinen Aito Garcia Reneses izan zuen entrenatzaile. Euroligan 8,1 puntu, 4,9 asistentzia eta 2,7 errebote erdietsi zituen batez beste Euroligan. Bundesligan, ordea, 8,6 puntu, 5,2 asistentzia eta 2,6 erreboteko batezbestekoa lortu zuen.