Baskonia
Euroliga
Baskoniak galdu egin du Izar Gorriaren aurka (86-83) eta zortzi partida jarraian daramatza irabazi gabe
A. B. E. | EITB Media
Bitci Baskoniak porrota jaso du Belgraden jokatu duen Euroligako 28. jardunaldian eta burua altxatu ezinda jarraitzen du.
-
Baldwin (Baskonia), jaurtiketa egiten Izar Gorriaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Bitci Baskoniak galdu egin du Izar Gorriaren aurka (86-83) ostegun honetan Belgraden jokatu duen Euroligako 28. jardunaldiko partida, eta Arabako taldeak bolada txarrean jarraitzen du.
Hasiera ona eman dio neurketari Baskoniak, lehen minutuetan zortzi puntu jarraian lortuta (0-8). Ondoren, etxeko taldeak desabantaila murriztea lortu du (9-13), baina lehen laurdeneko azken lau minutuetan nagusi izan da Gasteizko taldea, eta 13 puntuko abantaila erdietsi du estreinako hamar minutuen amaieran (13-26).
Izar Gorria nagusi izan da bigarren laurdenaren hasieran, eta bost minututan lau puntura gerturatu da (26-30). Baskoniari kosta egin zaio aurkaria gelditzea eta saskiratzeak sartzea; hala ere, sei puntura handitu du errenta (31-37). Izar Gorriak joko-bolada ona baliatu du laurdenaren azken txanpan, eta norgehiagoka berdinduta heldu da atsedenaldira (41-41).
Gaizki kantxaratu da Baskonia atsedenaldiaren ostean, eta Izar Gorriak abantaila hartu du (50-41). Arabako taldeari asko kosta zaio desabantaila murriztea, baina lortu egin du, eta aurrea hartu du markagailuan (53-54) hirugarren laurdena amaitzeko minutu bat eta 19 segundo falta zirenean. Errentari eutsi eta aurretik iritsi da Baskonia azken laurdenera (55-56).
Laugarren laurdenaren hasiera txarra izan da Spahijak zuzentzen duen taldearentzat. Izar Gorriak min asko egin dio hiruko jaurtiketekin eta zuloa ireki du markagailuan (70-61). Etxeko taldeak azken laurdenaren hasieran lortutako abantaila zama astunegia izan da arabarrentzat. Lehia amaitzeko 33 segundo falta zirenean Baskoniak lau puntura murriztu du desabantaila (82-78). Hiru puntura ere gerturatu da 19 segundoren faltan (84-81). Hurrengo baloi-jabetza, ordea, ez du ondo baliatu, Izar Gorriak biko saskiratzea lortu, eta neurketa erabakita utzi du. Bitci Baskoniak beste porrot bat pilatu du (86-83).
Fitxa teknikoa:
86 - Izar Gorria (13+28+14+31): Wolters (17), Hollins (12), Kalinic (11), White (8) eta Kuzmic (-) -hasierako taldea-, Lazarevic (x), Davidovac (5), Lazic (3), Mitrovic (18), Simonovic (-), Ivanovic (5) eta Dobric (7).
83 - Bitci Baskonia (26+15+15+27): Baldwin (18), Marinkovic (-), Giedraitis (6), Fontecchio (19) eta Costello (14) -hasierako taldea-, Raieste (-), Enoch (6), Granger (15), Peters (5) eta Kurucs (-).
Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Ioannis Foufis (Grezia) eta Robert Vyklicky (Txekiar Errepublika). Kanporaturik gabe.