Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak bigarren garaipena jarraian lortu du, Asvel Villeurbanne mendean hartuta (69-72)

EITB Media

Bitci Baskoniak irabazi egin du Frantzian jokatu duen Euroligako 29. jardunaldiko partida, 69-72ko emaitzarekin.

  • Asvel Villeurbanne - Bitci Baskonia

    Baldwin (Baskonia), saskiratze bat lortu nahian Asvel Villeurbanneren aurkakoan. Argazkia: @Baskonia

Bitci Baskoniak irabazi egin du Asvel Villeurbanneren aurka (69-72) ostegun honetan Frantzian jokatu duen Euroligako 29. jardunaldiko partida, eta bigarren garaipena jarraian lortu du txapelketa honetan.

Hasieran, bi taldeei asko kostatu zaie puntuak egitea, eta hainbat huts egin dituzte. Gainera, Baskoniak zailtasunak izan ditu aurkariaren defentsa gainditzeko, baina Arabako taldea suspertu egin da Wade Baldwinek sartu dituen bi hirukoei esker, eta lau puntuko errentarekin amaitu ditu (14-18) lehen hamar minutuak.

Baskoniak ez dio ondo ekin bigarren laurdenari, eta etxeko taldeak 22-22koa jarri du markagailuan. Hala ere, Neven Spahija entrenatzaileak Arturs Kurucs jokatzen jarri duenean, hobera egin du Bitci Baskoniak, ez dio aurrea hartzen utzi Asvel Villeurbanneri, eta aldeko 30-33ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, erritmo biziagoa ezarri dio neurketari Baskoniak, eta asmatu egin du aurkariaren saski aurrean, baina etxeko taldeak defentsa gogortu eta emaitza estutu du. Jaurtiketa libreetan fin ibili dira Spahijak zuzentzen dituen mutilak, eta Baskoniak lau puntuko errenta lortu du (47-51) azken laurdenari ekiteko.

Laugarren laurdenaren hasieran, Baskonia ez da ondo ibili. Asvel Villeurbannek aurrea hartu du markagailuan, eta bost puntuko abantaila eskuratu du. Ondoren, Arabako taldeak hirugarren laurdenaren hasieran eman duen maila berreskuratu du, eta aurretik jarri da (64-65) partida amaitzeko minutu bat eta 35 segundo falta zirenean. Azken txanpan, Rokas Giedraitisen hirukoak zuloa ireki du markagailuan (64-68), eta jaurtiketa libreak saskiratuta, garaipenak ez dio ihes egin Baskoniari (69-72).

Fitxa teknikoa:

69 - Asvel Villeurbanne (14+16+17+22): Strazel (x), Knight (2), Lighty (11), Wembanyama (9) eta Gist (6) –hasierako taldea–; Lacombe (16), Diot (5), Howard (-), Osetkowski (3) Antetokounmpo (8) eta Strazel (9).

72 - Bitci Baskonia (18+15+18+21): Baldwin (14), Giedraitis (4), Fontecchio (12), Peters (17) eta Costello (13) –hasierako taldea–; Raieste (2), Sedekerskis (-), Marinkovic (5), Enoch (5) eta Kurucs (4).

Epaileak: Mateu Boltauzer (Eslovenia), Tomislav Hordov (Kroazia) eta Uros Obrknezevic (Serbia). Peters kanporatu dute, bost falta egin dituelako.