Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak hirugarren garaipena jarraian lortu du Euroligan Izar Gorria mendean hartuta (92-75)

EITB Media

Arabako taldeak 92-75eko emaitzarekin irabazi dio Serbiakoari hirugarren jardunaldiko partida, eta hirutik hirugaraipen bildu ditu Euroligan.

  • Baskonia - Izar Gorria

    Marikovic (Baskonia), baloiarekin Hollanden (Izar Gorria) aurrean. Argazkia: EFE

Cazoo Baskoniak hirugarren garaipena jarraian erdietsi du Euroligan asteazken honetan (urriak 19) Izar Gorriari irabazita (92-75) Buesa Arenan jokatu den hirugarren jardunaldiko partida. Arabako taldeak ez zuen lortu txapelketa honetan lehen hiru neurketak irabaztea 2008-2009 denboralditik.

Joko biziarekin ekin dio norgehiagokari Baskoniak, baina Izar Gorriko Benjamin Bentil jokalariak bere taldea lehian mantendu du lehen bost minutuetan 10 puntu lortuta. Joan Peñarroya Gasteizko taldeko entrenatzaileak zuzendutako taldeari kosta egin zaio aurkariaren taulapeko jokoa gelditzeko Bentilek eta Luka Mitrovicek min egin baitiote Baskoniaren defentsari. Gauzak horrela, Izar Gorriak puntu bateo abantaila eskuratu zuen lehen hamar minutuen amaieran (23-24).

Baskoniak bikain hasi du bigarren laurdena, baina Izar Gorriak atsedenaldira aurretik iristea ortu du Stefan Markovicek azken segundoan sartu duen hirukoari esker. Serbiako taldea nagusi izan da erreboteak hartzerakoan eta Baskonia bost puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (42-47).

Aldageletatik pasa eta kantxara bueltatu ostean, etxeko taldeak defentsa sendotu du; ondorioz, Izar Gorriak lau minutu eman ditu saskiratu gabe. Daulton Hommesen eta Matt Costelloren hirukoek Baskoniak markagailuan zuloa irekitzea ekarri dute. Arabako taldeak erreboteetan ezin izan du aurkaria baino gehiago izan, baina bi puntuko errentarekin ekin diote azken laurdenari (59-57).

Amaierako hamar minutuetan Cazoo Baskoniak txikitu egin du Izar Gorria hiruko jaurtiketen bidez. Arabako taldeari lasaitasuna eman dio hiruko jaurtiketetan asmatzeak, eta Markus Howard erabakigarria izan da azken txanpan Baskoniak neurketa irabazteko, 92 eta 75.

Fitxa teknikoa:

92 - Cazoo Baskonia (23+19+17+33): Thompson (18), Marinkovic (10), Giedraitis (3), Hommes (9) eta Kotsar (8) -hasierako taldea-, Raieste (-), Howard (30), Sedekerskis (6), Costello (8), eta Kurucs (-).

75 - Izar Gorria (24+23+10+18): Adams (3), Markovic (5), Lazic (2), Bentil (11) eta Mitrovic (17) -hasierako taldea-, Lazarevic (-), Martin (2), Dobric (14), Ivanovic (11) eta Petrusev (10).

Epaileak: Olegs Latisevs (Letonia), Mehdi Difallah (Frantzia) eta Rain Peerandi (Estonia). Ez dute inor kanporatu.