Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak azken segundoan menderatu du Real Madril WiZink Centerren (81-85), partida bikaina jokatuta

EITB MEDIA

Neurketa 81-81 zihoala, eta denbora ia agortuta, Matt Costellok hiruko saskiratze ikusgarria egin du; gainera, pertsonala egin diote, eta jaurtiketa librea ere sartu du.

  • Baskoniako jokalariek, pozik, garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

    Baskoniako jokalariek, pozik, garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

Cazoo Baskoniak Real Madril menderatu du Madrilgo WiZink Centerren, 81-85, astearte gauean, Euroligako 27. jardunaldian, partida bikaina jokatuta. Joan Peñarroyaren taldeak maila handia eman du, eta azken segundoan lortu du garaipena; izan ere, neurketa 81-81 zihoala, eta denbora ia agortuta, Matt Costellok hiruko saskiratze ikusgarria egin du. Gainera, pertsonala egin diote, eta jaurtiketa librea ere sartu du.

Baskoniak merezi izan du garaipena, eta, gainera, balio handikoa izan liteke. Batetik, jarraian erdietsitako bigarrena da, aurreko ostiralean Gasteizen Valentzia 114-75 mendean hartuta; bestetik, etxetik kanpoko partidetan zeraman bolada txarrari amaiera eman dio Gasteizko taldeak. Orain arte sailkapeneko lehen postuan zegoen taldearen etxean irabazi du Baskoniak; orain, baina, Olympiakos dago lehen postuan, eta arabarrak, berriz, seigarren daude, 15 partida irabazita eta 12 galduta. Play-offeko postua da, eta Baskoniak sendotu egin du, Madrilen garaipena lortuta.

Neurketak hasieratik izan du erritmo bizia. Lehen laurdenean, bi taldeak saiatu dira kanpotik jaurtitzen, puntuak sartzeko duten gaitasuna baliatuta, baita abiadura ere, jokoak ahalbidetu duenean. Markagailuan islatutako aldea, handia izan ez bada ere, Real Madrilen aldekoa izan da une oro; hasierako hamar minutuak jokatuta, 22-17 ziren aurretik Chus Mateoren gizonak, eta ematen zuen partida oraindik erabat lehertu gabe zegoela.

Bigarren laurdenean gertatu da hori. Baskonia ausart ibili da, lehiakor, erasokor; Peñarroyaren taldea, gainera, fin-fin ibili da tarte batzuetan. Segituan jarri dira aurretik markagailuan gasteiztarrak; hori bai, abantaila txikiak izan dituzte. Etxeko taldea ez da kikildu; azken segundoetan, gainera, Real Madrilek bizitu egin du jokoa, WiZink Center pabiloiko giroa are gehiago berotuta, eta lehen zatiaren amaieran hiru puntuko aldeari eutsi dio. 43-40 joan dira atsedenaldira, dena erabakitzeko zegoela.

Atsedenaldiaren ostean, Baskoniak ordura arteko minuturik onenak jokatu ditu. Abiaduraren aldeko apustua eginda, eta defentsan sendo, Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldea berriro jarri da aurretik, eta bederatzi puntuko aldea ere erdietsi du 26. minutuan: 50-59. Baina Real Madrilek erantzun egokia eman du, eta azkar iritsi da Baskoniaren mailara. Partidan joan-etorri etengabea zegoen une horretan, eta bi taldeak hirukoak sartzen saiatu dira. 65-62 zegoen emaitza azken hamar minutuak falta zirenean, eta biek ala biek argi erakutsita zuten ordurako ez zutela amore emateko inolako asmorik.

Azken laurdenean, berriro ere, markagailua ia segituan berdindu du Baskoniak; baina Real Madril oso ondo aritu da ondorengo minutuetan, eta ordura arteko abantailarik handiena jarri du. Neurketa amaitzeko lau minutu eta erdi falta zirenean, Chus Mateoren taldeak zazpi puntuko aldea zuen, 78-71, eta bazirudien garaipenak ihes egingo ziela arabarrei. Baskoniak gogor egin du eraso, eta asmatu egin du, 1-8ko partziala lortu baitu. Berdinketa berriro, 79-79, eta dena argitzeko, beste behin.

Segundo gutxi batzuk falta zirenean, Daulton Hommesek txapel ederra jarri du, eta Costellok errebotea bereganatu du. Darius Thompsonek baloiaren jabetzari eutsi dio gau horretan eman duen 14. asistentzia eman aurretik; Costellok jaso du, hiruko marratik harago, eta baloia barrura bidali du, Baskoniari garaipen handia emateko.

Fitxa teknikoa:

81 - Real Madril (22+21+22+16): Williams-Goss (6), Hanga (6), Deck (4), Poirier (10) eta Musa (21); Causeur (1), Rudy Fernandez (9), Hezonja (2), Sergio Rodriguez (3), Tavares (13) eta Yabusele (6).

85 - Cazoo Baskonia (17+23+22+23): Marinkovic (3), Thompson (18), Kotsar (13), Giedraitis (6) eta Hommes (2); Howard (11), Heidegger (5), Sedekerkis (0), Diez (3), Enoch (4), Costello (20) eta Kurucs (0).