Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak 88-83 galdu du Bolonian, Virtusen aurka, eta ahul jarraitzen du etxetik kanpo Euroligan

EITB MEDIA

Italiako taldea partidako bigarren laurdenean jarri da aurretik, eta amaierara arte eutsi dio lortu duen abantailari. Baskoniak sei porrot jarraian daramatza Euroligan etxetik kanpo, baina sailkapeneko lehen zortzi postuetan jarraitzen du.

  • Marinkovicek, irudian Baskonia-Virtus partidako jokaldi batean, lau puntu sartu ditu (EFE).

    Marinkovicek, irudian Baskonia-Virtus partidako jokaldi batean, lau puntu sartu ditu (EFE).

Cazoo Baskoniak ezin izan du emaitza onik lortu Bolonian, Virtusen aurkako partidan, ostiral gauean, Euroligako 25. jardunaldian, 88-83 galduta. Italiako taldea partidako bigarren laurdenean jarri da aurretik, eta amaierara arte eutsi ahal izan dio erdietsi duen abantailari. Horrenbestez, Baskoniak ahul jarraitzen du etxetik kanpo, Europako txapelketarik handienean; izan ere, Joan Peñarroyaren gizonek sei porrot jarraian daramatzate Euroligan bisitari gisa, eta Gasteiztik urrun jokatu dituzten 13 partidetan soilik hiru irabazi dituzte.

Euskal taldea ez da fin egon, ezin izan du partidak behar zuen sendotasuna eta erregulartasuna erakutsi, eta denboraldiko hamabigarren partida galdu du Euroligan. Hori bai, lehen zortzi postuetan jarraitzen du, hamahiru garaipen dituela (une honetan zazpigarren dago), eta, gainera, lortu du Boloniako taldearekiko basketaveragea bere alde bermatu, kontuan izanik Gasteizen Baskoniak 90-79 menderatu zuela Virtus.

Partidaren hasiera korapilatsua izan da, bai kantxan baita kantxatik kanpo ere. Lehenengo bi minutuak bete aurretik, Virtus 9-0 ari zen irabazten, eta pabiloian itzalaldi bat jazoa zen. Baskoniak, baina, azkar hartu du erritmoa, markagailua parekatu du eta aurretik jarri da. Lehen laurdena amaituta, Peñarroyaren taldea 16-19 ari zen irabazten, ondo jokatuz.

Bigarren laurdenean, Baskoniak arazoak izan ditu defentsan ondo aritzeko, eta 28 puntu jaso ditu. Gasteizko taldeak ezin izan du, hainbat tartetan, partida kontrolpean hartu; hori bai, ez dio utzi etxeko taldeari markagailuan alde handirik hartzen. Hala, atsedenaldian dena zegoen erabaki gabe; izan ere, emaitza 44-41ekoa zen, eta, beraz, bigarren zatiak zehaztu beharko zuen zein taldek lortuko zuen garaipena.

Hirugarren laurdenean, jokoak ildo beretik jarraitu du; biek ala biek izan dituzte une onak eta txarragoak, eta Baskonia ez zebilen eroso, Virtus baitzegoen une oro aurretik markagailuan. Jokoan, ez zegoen argitasun handirik. Ematen zuen Baskoniak, erasoan zein defentsan sendotasun handiagoa bereganatuz gero, partida nahi zuen puntura eramateko aukera izan zezakeela; nolanahi ere, azken laurdenean egin beharko zuen, hirugarrena 68-62 amaitu baita, Virtus irabazten ari zela.

Ezin izan da. Virtusek kalitatea jarri du, Baskoniak azken minutuetan irabazteko aukerarik izan ez zezan. Hiru minutu geratzen zirela, gasteiztarrak bi puntura kokatu dira, baina hurrengo jokaldian italiarrek hiruko bat sartu dute, eta berriro ere handitu dute aldea. Azkenean, 88-83, eta Peñarroyaren taldeak borrokan jarraitu beharko du, lehen zortzietan duen eta bermatu nahi duen bere tokia sendotzeko.

Fitxa teknikoa:

88 – Virtus Bolonia (16+28+24+20): Teodosic (17), Abass (10), Ojeleye (5), Hackett (9), Bellinelli (15) -hasierako taldea-, Jaiteh (5), Pajola (3), Bako (4), Lundberg (6), Shengelia (12), Mickey (2) eta Weems (-).

83 – Cazoo Baskonia (19+22+21+21): Thompson (15), Howard (10), Giedraitis (25), Hommes (15), Enoch (-) -hasierako taldea-, Marinkovic (4), Raieste (-), Costello (7), Díez (3), Kotsar (4), Heidegger (-) eta Kurucs (-).