Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

Real Madril txapeldun, 35. aldiz

Agentziak | Erredakzioa

Madrilgo taldeak nagusitasunez irabazi zion Barça Lassari (68-74) eta, horrenbestez, 2018/19ko Endesa Ligako txapelduna da.

7:38
Laburpena, Bartzelona - Real Madril (68-74)

Real Madrilen joko txukunak mendean hartu zuen Barça Lassa Palau Blaugranan (68-74) eta, horrenbestez, 2018/19ko Endesa Ligako txapelduna da. Garaipen honekin, Real Madrilek 35 aldiz irabazi du jada ACB liga.

Finaletako laugarren partidan, Real Madrilen ahalmen fisikoa inposatu zen. Jokalariek partida nabarmena jokatu zuten; izan ere, Tavaresen partida bikainarekin batera (10 puntu eta 15 errebote), Facundo Campazzok, Rudy Fernandezek, Anthony Randolphek eta Fabien Causeuk hamar puntutik gorako puntuazioa lortu zuten.

Kanpoko taldeak indartsu hasi zuen partida eta, Rudy Fernandezek partidako 4. minutua bete baino lehen lortutako hiru hirukoekin, partidako seigarren minuturako jada 8-19ko abantaila zuen. Hala ere, Bartzelonak desabantaila horri aurre egin zion eta lehenengo zatia markagailu parekatuarekin amaitu zen (21-24).

Bigarren zatian, aldiz, bi taldeen defentsak nabarmendu egin ziren. Etxeko taldeak lehenengoz lortu zuen markagailuan aldeko abantaila izatea, 22. minutuan. Baina hori ez zen nahikoa izan eta Madrilek defentsa lanetan duen nagusitasuna ezarriz, abantaila handia lortu zuen 73. minutuan (55-67).

Hala ere, Bartzelonak partida amaiera ona jokatu zuen eta markagailua berdintzeko aukerak izan zituen.

Horrenbestez, Real Madrilek aldeari eutsi eta 35. aldiz ACBko txapelduna izatea lortu du (68-74).

Fitxa teknikoa

68 - Barça Lassa: Heurtel (2), Hanga (11), Claver (4), Singleton (12), Oriola (4) -hasierako boskotea-, Pangos (16), Ribas (4), Smits (3), Pustovyi (-), Kuric (8) eta Tomic (4).

74 - Real Madrid: Campazzo (15), Rudy Fernandez (12), Deck (-), Randolph (10), Tavares (10) -hasierako boskotea- Causeur (10), Ayon (5), Carroll (4), Llull (-), Thompkins (6) eta Taylor (2).

Epaileak: Antonio Conde, Carlos Peruga eta Fernando Calatrava.