Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

Kutxabank Araski, garaile Lointek Gernikaren aurkako euskal derbian (85-62)

EITB Media

Gasteizko taldeak mendean hartu du Gernika-Lumokoa Endesa Ligako 25. jardunaldiko partidan. Araski nagusi izan da hasieratik amaieraraino.

  • Araski

    Araskiko jokalariak, zaleak agurtzen, Gernikari irabazi ostean. Argazkia: EITB Media

Kutxabank Araskik irabazi du Lointek Gernika Bizkaiaren aurka (85-62) asteazken honetan jokatu duen Endesa Ligako 25. jardunaldiko euskal derbia. Gasteizko taldea nagusi izan da hasieratik amaieraraino.

Hasiera parekatua izan da (2-2 eta 5-5), baina bosnako berdinkletaren ostean sei puntuko abantaila hartu du Lointek Gernikak (7-13). KutxaBank Araskik ez du amore eman, eta desabantaila murriztu ostean (12-13), aurrea hartu du markagailuan (14-13), lehen laurdena amaitzeko lau minutu falta zirenean. Etxeko taldeak hiru puntuko errenta ere izan du (18-15). Azken jokaldiak ondo kudeatu ditu Gernika-Lumoko taldeak eta bi puntuko abantaila erdietsi du (18-20).

Bigarren laurdeneko lehen minutuetan Lointek Gernika Bizkaia izan da nagusi (22-27), baina etxeko taldeak azkar irauli du emaitza (28-27). Ondoren, Araskik aurkariak baino hobeto jokatu du; etxeko taldeak zuloa ireki du markagailuan, eta aldeko 44-35eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean partida hautsi du Kutxabank Araskik. Arabako taldea jaun eta jabe izan da kantxan, pixkanaka abantaila handitzen hasi da, eta ez dio aukerarik eman Lointek Gernika Bizkaia. Araskik garaipena bideratuta utzi du hirugarren laurdenean (70-49).

Laugarren eta azken laurdenean Kutxabank Araskik ez du arazorik izan. Lointek Gernika saiatu da emaitza txukuntzen, baina alferrik. Azkenean, Kutxabank Araski irabazle, 85-62ko emaitzarekin.