Saskibaloia
TXAPELDUNEN LIGA
Bilbao Basketek Istanbulen irabazi behar du, aukerak izaten jarraitzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Turkian galdu, eta UCAMek Lenovo menderatuz gero, Bilbao Basket TOP16tik kanpo geratuko da. Partida zuzenean ikusi ahalko da ETB4n eta eitb.eus-en, 18:00etan hasita.
-
Adam Smith, Lenovo Teneriferen aurkako neurketan. Argazkia: EFE
Surne Bilbao Basketek Darüssafaka Lassa taldearen etxean jokatuko du astearte honetan Istanbulen, Volkswagen Arenan (18:00), irabazteko premia handia duela. Gaur irabazten badu, bere esku izango du FIBA Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzea.
Bizkaiko taldea egoera zailean heldu da BCL FIBAko TOP16ko azken-aurreko jardunaldira, aukera gutxirekin, beste emaitza batzuen zain egon beharko baitu, joan den astean Miribillan porrota jaso eta gero Lenovo Tenerife egungo txapeldunaren aurka.
FIBAko 16 talde onenak jokoan jarri dituen fasea amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, Jaume Ponsarnauren taldeak partida bakarra irabazi du Bilbon, astearteko aurkariaren kontra (85-75). Astearteko partida irabazteaz gain, UCAM Murtziarekiko 18 puntuko aldea (90-72) irauli beharko du aurrera egiteko.
Erronka arinagoa izan liteke Bilboko taldearentzat Darüssafaka menderatuz gero, Murtziak Teneriferen aurka galtzen badu asteazkenean (20:30). Gainera, azken bi talde horiek Istanbulgo emaitzaren berri jakingo dute aurretik.
Turkian galdu, eta UCAMek Lenovo menderatzen badu, Bilbao Basket TOP16tik kanpo geratuko da.
Gainera, astearteko partida zailagoa da beltzezko gizonentzat, aurreko jardunaldian Darüssafakak Murtzia menderatu zuelako, bi luzapen behar izan zituen partidan.
Lehen itzulian, Bilbao Arenan, hirugarren fase honetako lehen jardunaldian, etxekoek bigarren zatian hartu zuten mendean orain aurkari izango duten taldea.
Astearterako, Bilboko taldeko kideen egoerari dagokionez, zalantzan jarraitzen du Denzel Andersson hegal-pibotak; azken hiru jardunaldietan bajan egon da, lunbalgiak jota. Ponsarnauren errotazioko jokalaririk garrantzitsuenek ere arazo fisikoak dituzte; izan ere, Ludde Hakansonek eta Adam Smithek igandean WiZink Centerren min hartuta jokatu zuten Real Madrilen aurka.