Itxi

Saskibaloia

Gurpildun aulkiko saskibaloia

Bidaideak, Eurocup 1eko txapeldunorde Santo Stefanoren aurka finala galdu ostean

A. B. E. | EITB Media

Italiako taldea Bilbokoa baino gehiago izan da hasieratik amaieraraino eta garaipena bereganatu du 69-53ko emaitzarekin. Ondorioz, Santo Stefano da txapelduna eta Bidaideak txapeldunordea.

  • Bidaideak

    Bidaideakek Santo Stefanoren aurka jokatutako finaleko jokaldi bateko irudia. Argazkia: EITB Media

Bidaideak Bilbao BSR taldeak galdu egin du Santo Stefanoren aurka 69-53ko emaitzarekin Cantun (Ialia) jokatutako Eurocup 1eko finala, igande honetan, apirilaren 30ean. Horrenbestez, Bidaideak txapelketako txapeldunordea da eta Santo Stefano txapelduna.

Gaizki ekin dio finalari Bilboko taldeak, aurkaria 6 eta 0 irabazten hasi baita. Ondoren, zortzi puntuko errenta erdietsi du Santo Stefanok (10-2). Pixkanaka-pixkanaka, hobeto jokatzen hasi da Bidaideak eta bi puntura murriztu du desabantaila (11-9). Italiako taldeak berriz zuloa irekitzea lortu du (17-11), baina lehen laurdenaren azken txanpan aldeak txikitu ditu talde bizkaitarrak (19-16).

Bigarren laurdenaren hasiera bestelakoa izan da Bidaideakentzat. Bilbokoek lehia berdintzea lortu dute (23-23), baina laurdenaren erdialdetik aurrera Santo Stefano izan da jaun eta jabe. Hala, Italiako taldea bederatzi puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (37-28).

Atsedenaldiak ez dio mesede egin Bidaideaki. Santo Stefano hobeto kantxaratu da, nagusi izan da erasoan zein defentsako lanean, eta hirugarren laurdeneko lehen bost minutuetan 16 puntuko abantaila lortu du Italiako taldeak (46-30). Bizkaiko taldea ez da gai izan desabantaila asko murrizteko eta oso maldan gora jarri zaio neurketa, hirugarren laurdena italiarren aldeko 54-40ko emaitzarekin amaitu baita.

Azken laurdenari itxaropena galdu gabe ekin dio Bidaideakek, emaitza estutzeko helburuarekin, Baina Santo Stefanok azkar zapuztu du Bilboko taldearen jomuga. Italiakoak nagusi izan dira azken hamar minutuetan ere, ez diote erraztasunik eman Bidaideaki eta finala irabazi du (69-53).