Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

5. etapa

Buchmannek irabazi du Arraten, Boraren erakustaldian, eta lider jarri da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txirrindulari alemaniarrak 54 segundoko aldea dauka bigarren den Ion Izagirrerekiko eta 1:04koa Schachmann taldekidearekiko.

Buchmann, Itzulia.

Emanuel Buchmann (Bora Hansgrohe) txirrindulari alemaniarra ihes eginda gailendu Arrateko santutegian, 2019ko Itzuliko bosgarren etapan, eta bera da lasterketako lider berria, aurreko lau egunetan elastiko horiarekin aritu den Maximilian Schachmann taldekideari txanda hartu ostean.

Buchmannek 1:08 aldea atera dio helmugan bere atzetik sartu den hirukoari, hau da, Astanako Ion Izagirre eta Jakob Fugslangi eta Adam Yates britainiarrari (Mitchelton-Scott).

Etapako garaileak jarraipena eman dio lasterketan zehar Bora taldea egiten ari den jardun bikainari, Schachmannek hiru etapa bereganatu baititu gaur arte. Dena den, liderraren maillota galdu du gaurkoan, eta orain hirugarren tokian dago sailkapenean, bere taldekidearengandik 1:04ra. Haren aurretik dago Ion Izagirre, bigarren, 54 segundoko atzerapenarekin.

Bora, erasora

Etaparen hasieran, Astanaren estrategia izan da nagusi, Kazakhstango taldeak bere txirrindulariak mugitu baititu Izagirre eta Fuglsang daniarraren aukerak jorratzeko. Helburu horrekin, Luis Leon Sanchez ihes eginda ibili da, eta bera izan da lehena Izua gaina zeharkatzen. Mendate hori igotzen ari zela, txirrindulari murtziarrak bere anaiaren, hau da, Pedro Leon Eibarko jokalariaren, animoak jaso ditu.

Atzetik, Ion Izagirrek bere taldekidearekin bat egiteko saiakera egin du, aurrealdean bikote arriskutsua osatzeko xedearekin, Schachmann liderrak ahultasun zantzuak azaltzen zituen bitartean. Azkenerako, baina, ormaiztegiarraren erasoaldia apur bat berandu iritsi da eta ez du ondoriorik izan.

Orduan heldu da Boraren erantzuna, baina ez bere taldeburuaren bitartez, baizik eta Buchmannen eskutik. Trabakuako mendatean, eguneko azken aurreko zailtasunean, garaipenaren bila alde egin du, eta erakustaldia eman du azken kilometroetan. Inor ez da gai izan hura harrapatzeko Arrateko igoeran, eta helmugan minututik gorako tartea atera dio bere ondoren helmugaratu diren Izagirre, Yates eta Fugslangi. Ondorioz, berak jantzi du liderraren elastiko horia.

Itzulia larunbatean erabakiko da, azken etapan, Eibarren hasi eta bukatuko den jardunaldian (118,2 kilometro), hain zuzen ere. Txirrindulariek lehen mailako bi mendate (Azurki eta Karakate) eta bigarren mailako beste bat (Asensio) gainditu beharko dituzte, besteak beste, azken irabazlea nor den erabakitzeko.

Buchmann: "Guztiek egingo digute eraso"

Emanuel Buchmann etapako irabazleak adierazi duenez, jakitun da larunbateko azken etapan aurkari guztien erasoaldiei egin beharko dietela aurre; alabaina, gertu dago "eutsi eta irabazteko".

"Biharko etapa? Edozertarako gai ikusten dut nire burua; gainera, talderik indartsuena gara. Lau etapa irabazi ditugu eta hiru lagun ditugu lehen sei sailkatuen artean. Oso etapa azkarra izango da, eta guztiek egingo dute gure aurka, baina prest gaude eta saiatu egingo gara. Uste dut lasterketa irabaz dezakedala", iragarri du txirrindulari alemaniarrak.

Itzuliko lider berriaren arabera, Arratekoa bere ibilbideko "garaipenik handiena" da, World Tourrekoa lehendabizikoa baita eta Itzuliko etapa nagusia delako.