Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

6. etapa

Mads Pedersenek irabazi du Napoliko esprinta, Italiako Giroan, eta Andreas Leknessundek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Trek-Segafredo taldeko danimarkarra izan da azkarrena Giroko seigarren etapan izandako esprintean. Alessandro De Marchi eta Simon Clarke esprinta saihesteko oso gertu izan dira, baina, ia egun osoan lasterketaren buruan eman ostean, helmugarako 300 bat metrora harrapatu dituzte.

  • Mads Pedersen izan da azkarrena Napoliko esprintean. Argazkia: Efe.

    Mads Pedersen izan da azkarrena Napoliko esprintean. Argazkia: Efe.

Trek-Segafredo taldeko Mads Pedersen txirrindulari danimarkarrak irabazi du, ostegunean, 2023ko Italiako Giroaren seigarren etapa, Napolin izandako esprintean, eta DSM taldeko Andreas Leknessund ziklista norvegiarrak sailkapen nagusiko lider jarraitzen du, etapa jokatu ostean. Ez da aldaketa nabarmenik izan sailkapen nagusian, baina bai, ordea, emozio handia: izan ere, Alessandro De Marchi Jayco taldeko italiarra eta Simon Clarke Israelgo australiarra esprinta saihestetik oso gertu izan dira; hain zuzen, beste txirrindulari batzuekin eguneko ihesaldian sartuta, lasterketaren buruan egon dira biak hainbat kilometrotan, eta, azkenean, helmugarako soilik 300 bat metro geratzen zirela harrapatu ditu tropelak.

Pedersen, 2019ko munduko txapelduna, Giro honetan garaipena eskuratu duen laugarren esprinterra da, aurtengo edizio honetako laugarren esprintean; aurrekoetan, Jonathan Milan, Michael Matthews eta Kaden Groves nagusitu dira. Argi dago, hortaz, sasoi puntu onean dabilela, eta hautagaietako bat dela ondorengo esprintak ere irabazteko. Ostiraleko etapan, baina, ez da esprinta izatea espero, etapa Gran Sasso gainean amaituko baita, 1. mailako mendate gogorrean. Ostiralekoa egun garrantzitsua izan liteke azken sailkapenerako.

Ikusi beharko da zer dakarren Gran Sassorako igoerak, baina ez da erraza izango etapa garaipenerako Napoliko kaleetan baino lehia handiagoa izatea. Alexandre Delettre (Cofidis), Alessandro De Marchi (Jayco), Simon Clarke (Israel), Charlie Quartermann (Corratec) eta Francesco Gavazzi (Eolo) joan dira aurretik, etapa abiatu denetik, eta abantaila lortu dute. Ihesaldiak gehienez ere bost minutuko aldea izan du, eta ematen zuen gizon azkarren taldeek kontrolpean zutela, are gehiago boskotea bikote bihurtu denean. De Marchik eta Clarkek, taldeko indartsuenek, aurrera jo dute, eta minutu eta erdiko abantaila zuten lasterketa azken 20 kilometroetan sartu denean.

Bazirudien esprinta izango zela, baina Clarkek eta De Marchik gogor egin dute lan, ahalegin bikaina eginez. Etapa Napolin zegoela, ez zegoen batere argi garaipena ihesaldian ala tropelean zegoen. De Marchik eta Clarkek errelebo onak eman dizkiote elkarri, baina atzean ere sendo ibili dira, eta, azkenean, azken kilometroan, Fernando Gaviriak esprinta abiatu duenean, harrapatu egin dituzte.

Pedersen izan da indartsuena helmugan, eta merezita irabazi du. Danimarkarrak tropelaren erdialdean topatu du zuloa, eta etapa eskuratu du, aurkari guztiak gaindituta.

Lasterketa Capuan izango da ostiral goizean, zazpigarren etapa abiatzeko, eta Gran Sasson amaituko da, 218 kilometroko ibilbide luzea eginda. Pentsatzeko modukoa da faboritoen arteko lehia izango dela, eta sailkapen nagusiak aldaketa esanguratsuak jasoko dituela.

Etapako sailkapena

1 - PEDERSEN Mads (tREK) 3:44:45

2 - MILAN Jonathan (Bahrain) d. b.

3 - ACKERMANN Pascal (UAE) d. b.

4 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.

5 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.

6 - MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.

7 - ALBANESE Vincenzo (EOLO) d. b.

8 - MAYRHOFER Marius (DSM) d. b.

9 - ROTA Lorenzo (Intermarché) d. b.

10 - VELASCO Simone (Astana) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - LEKNESSUND Andreas (DSM) 22:50:48

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:28

3 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +0:30

4 - ALMEIDA João (UAE) +1:00

5 - ROGLIC Primož (Jumbo) +1:12

6 - THOMAS Geraint (INEOS) +1:26

7- VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.

8 - SKUJINŠ Toms (Trek) +1:29

9 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) +1:30

10 - ALBANESE Vincenzo (EOLO) +1:39