Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

8. etapa

Healyk irabazi du 8. etapa, Roglicek 14 segundo sartu dizkio Evenepoeli eta Leknessundek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

EF Education First taldeko txirrindulari irlandarra ondo ibili zen Ardeetako Triptikoan, eta sasoi puntu on hori berretsi du Giroan ere. 50 bat kilometro geratzen zirela utzi ditu atzean ihesaldian berarekin zeuden gainerako ziklistak. Azken igoeran, Roglicek erasoa jo eta abantaila lortu du.

2:12
Ben Healy

EF Education First EeasyPost taldeko Ben Healy txirrindulari irlandarrak 2023ko Italiako Giroaren zortzigarren etapa irabazi du larunbatean, ihesaldi bikaina burututa eta azken 50 kilometroak bakarrean eginez. DSM taldeko Andreas Leknessund norvegiarrak, beste egin batez, maglia arrosarekin jarraitzen du; hori bai, gogor borrokatu behar izan du lehen postuari eusteko, etaparen azken zatian lehia estua izan baita. Hain zuzen, ematen zuen faboritoek erabakita zutela, berriro ere, indarrak beste egun batzuetarako gordetzea, baina Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic esloveniarrak bestelako ideia zuela erakutsi du; helmugarako bost kilometro geratzen zirela, Roglicek erasoa jo du eta Leknessund eta Remco Evenepoel (Soudal QuickStep) atzean utzi ditu. Azkenean, Roglicek 14 segundo atera dizkio Evenepoeli, hau da, Giroa irabazteko duen aurkari nagusiari, eta sailkapen nagusiko hirugarren postuan jarri da.

Igandean jokatuko duten Cesenako erlojupekoaren bezperan, sailkapen nagusian alde oso txikiak daude. Leknessundek zortzi segundo ditu Evenepoelekiko; azken hori Giroko lehen egunetan izan zuen maglia arrosa berreskuratzen ahaleginduko da. Beste lau ziklista daude minutu batera baino gutxiagora, eta badirudi lasterketan ez dagoela argi nabarmentzen ari den txirrindularirik; alderantziz, hainbat ziklista omen dabiltza ondo eta prest ei daude indartsuenak estutzeko.

Testuinguru horretan, larunbateko etapan bi borroka izan dira: alde batetik, etapako garaipenarekin lotutakoa; bestetik, sailkapen nagusiarena. Hasierako kilometroetan, hainbat txirrindulari ahalegindu dira eguneko ihesaldia osatzeko, baina bazirudien tropelak ez zuela baimena emateko asmorik; azkenean, talde txiki batek, tartean garaile irten den irlandarrak, lau bat minutuko aldea eskuratu du. 13 gizon zihoazen talde horretan; besteak beste, Mattia Bais eta Valentin Paret-Peintre, alegia, hurrenez hurren Gran Sasson eta Lago Lacenon garaipena lortu zuten Davideren eta Laurenen anaiak. 50 kilometro geratzen zirela, pentsatzeko modukoa zen iheslariek etaparen garaipena euren artean jokatzeko moduan izango zirela.

Fossombrone ordubetera zegoen oraindik, baina Ben Healyk, orduan, erabakigarria izan den erasoa jo du. Erakutsi du azken hilabeteotan emandako maila ona ez dela kasualitatea izan; aldiz, gogor egin du aurrera, eta, gaztea bada ere, beteranoa balitz bezala kudeatu ditu zituen indarrak. Atzean zihoazen txirrindulariek ez dute inolako aukerarik izan; berehala erdietsi du minutu eta erdiko aldea, eta ondo ibili da helmugara iritsi aurretik zituen igoeretan. Lasai ospatu ahal izan du etapa irabazi duela.

Atzean, etapa azken kilometroetan zegoela, ematen zuen faboritoek ez zutela asmorik mugimendu aipagarririk gauzatzeko; baina, Aldapa labur baina gogor batean, bost bat kilometro geratzen zirela, Primoz Roglicek erasoa jo du eta esloveniarraren aurkariek sufritu egin dute. Harrigarria izan da Evenepoelek ezin izatea Roglicen erritmoari eutsi; belgikarrak ez du segundo askorik galdu, azkenean 14 izan dira, baina jazotakoak mezua utzi du, txirrindularien sasoi puntuaren gainean. Nabarmentzekoa izan da, halaber, Leknessundek egindako lana; bikain borrokatu du, maglia arrosa ez galtzeko, eta erlojupekoan berriro ere jantziko du hori.

Igandean, erlojupekoa izango da, eta beste behin egun garrantzitsua biziko dugu. Savignano Sul Rubiconen hasiko dute ibilbidea txirrindulariek, eta Cesenan amaitu, 35 kilometro eginda. Bederatzigarren etapa hori amaituta maglia arrosa lortzen duenak, zalantzarik gabe, kolpea emango die gainerakoei, Giroaren lehen atseden egunaren bezperan.

SAILKAPENAK

8. etapa

1. HEALY Ben (EF Education) 04:44:24

2. GEE Derek (Israel) +01:49

3. ZANA Filippo (Jayco) d.b.

4. BARGUILL Warren (Arkea) d.b.

5. VERONA Carlos (Movistar) +02:12

6. BAIS Mattia (Eolo) +02:37

7. SKUJINS Toms (Trek) +03:51

8. TONELLI Alessandro (Green Project) +03:56

9. RIESEBEEK Oscar (Alpecin) +04:00

10.GEOGHEGAN HART Tao (Ineos) +04:34

Sailkpen nagusia

1. LEKNESSUND Andreas (DSM) 33:52:10

2. EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:08

3. ROGLIC Primoz (Jumbo) +00:38

4. ALMEIDA Joao (UAE) +00:40

5. THOMAS Geraint (Ineos) +00:52

6. GEOGHEGAN HART Tao (Ineos) +00:56

7. PARET-PEINTRE Aurelien (AG2R) +00:58

8. VLASOV Aleksandr (Bora) +01:26

9. CARUSO Damiano (Bahrain) +01:39

10.KAMNA Lennard (Bora) +01:54