Itxi

Txirrindularitza

Azken aferak

UCI: 'Espainiak dopinarekin arazo larria duela onartu behar du'

Erredakzioa

Hala adierazi du erakunde horretako presidente den Pat McQuaidek Australian. Hala ere, 'Contador auzi'rik egongo ez dela dirudi, eta ikerlariek zortzi egun barru emango dutela erabakiaren berri.

Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasuneko (UCI) presidente den Patrick McQuaidek, "Espainiako Gobernuak dopinarekin arazo bat" duela onartu behar duela esan du, eta horen aurka "ekintzak" burutu behar direla.

"Gobernuak kirolaren esparruarekin elkarlana egin behar du. Gobernuak dopinarekin arazo bat duela onartu behar du eta ez dakit hori benetan onartzen duen", esan du.

McQuaidek Australian egin ditu adierazpenok, Munduko Txapelketetan baitago presidentea. "Kirolarekin jezarri behar dira eta dopinaren aurkako ekintzak egin", esan du.

Lau txirrindulari espainiarren kasuak jakin izan dira azken egunotan, dopinaren aurkako kontroletan "aurkako analisiak" izan dutenak. Alberto Contador clembuterolarekin; Ezequiel Mosquera eta David Garcia hidroxietilekin; eta Marga Fullana, EPOrekin.

"Arazo bat dago Espainian positiboen kopuru handi bat bertatik datorrelako", esan du McQuaidek. "Ez du ematen arazoaren aurka egiteko benetako borondaterik dagoen, eta Gobernuak hartu behar du ekimena".