Txirrindularitza
Haragi-ekoizleek
'Contadorrek esaten duena posible izan daiteke'
Erredakzioa
Haragi zati bat jan ondoren clembuterol aztarnak aurkitzea "posible" dela esan dute Gipuzkoako haragi-ekoizleek, "kanpoko" haragiak kontsumitzen baldin badira.
"Atzerriko" haragia janda, Clemburerol aztarnak antzematea posiblea dela adierazi dute gaur Gipuzkoako 70 abeltzain eta 30 harategi batzen dituen Giokela markako ordezkariek.
EAEn ekoiztutako haragiek gainditu beharreko azterketek clembuterola erabat baztertzen dutela esan du gaur prentsaurrekoan Juan Miguel Aristi Giokelako ordezkariak.
Dena den, merkatua "EAEkoak ez diren haragiez beteta" dagoela eta horietan "loditze sistema zalantzazkoa" dela azpimarratu nahi izan du.
Arrazoi honengatik, Alberto Contadorrek esandakoa "egia" izan daitekeela adierazi dute. Alberto Contadorrek Irunen erositako haragi bati leporatu dio Tourrean izandako clembuterolarekin positiboa. Hori bai, ekoizleek zehaztu dute "guztiz ezinezkoa" dela haragi hori Euskal Herrian ekoiztu izana.
Ekoizleak, "suminduta"
Alberto Contadorren auziak eragindako "orbanagatik suminduta" agertu dira Gipuzkoako harakintzaren sektoreko kideak. Giokelako ordezkariek azaldu dute euskal merkatuan Espainiatik eta Europatik inportatutako haragia saltzen dela eta haragi hauek ez dutela euskal okelak izaten dituen kontrol adina izaten.
Gainera, Alberto Contadorrek Tourrean jandako okela euren salmenta-guneetan erosi ez zela baieztatu dute, Irunen ez baitago Giokela markaren salmenta-gunerik.