Itxi

Txirrindularitza

7. eta azken etapa

Mohoricek irabazi du 2023ko Poloniako Itzulia, eta Merlier gailendu da azken etapan, Krakoviako esprintean

EITB MEDIA

Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari esloveniarrak segundo bateko aldea lortu du, azken etapako tarteko esprintean, Joao Almeida bigarren sailkatuarekiko, eta horrek ziurtatu dio sailkapen nagusiko garaipena. Helmugan, Soudal Quick-Stepeko belgikarra izan da azkarrena, pankartapean.

  • Matej Mohoric, Joao Almeida eta Michal Kwiatkowski, lehenengo hirurak. Argazkia: EFE.

    Matej Mohoric, Joao Almeida eta Michal Kwiatkowski, lehenengo hirurak. Argazkia: EFE.

Bahrain-Victorious taldeko Matej Mohoric txirrindulari esloveniarrak irabazi du, ostiralean, 2023ko Poloniako Itzulia; izan ere, zazpigarren eta azken etapako tarteko esprintean segundo bateko aldea lortu du UAE Emirates taldeko Joao Almeida portugaldarrarekiko, alegia, bigarren sailkatuarekiko, eta horrek bermatu dio azken garaipena, etapa hasi aurretik biak ala biak denbora berean baitzeuden. Lasterketako azken jardunaldian, Soudal Quick-Step taldeko Tim Merlier ziklista belgikarra gailendu da azken esprintean, Krakovian, eta, horrenbestez, aurtengo Poloniako Itzulian eskuratzen duen bigarren etapa bereganatu du; Merlierrek lehenengo etapa ere irabazi zuen.

Hala, Mohoricek, amaitu berri den Frantziako Tourrean etapa bat irabazi ostean, balio handiko garaipena eskuratu du. Esloveniarrak, 28 urtekoa bera (urrian beteko ditu 29), hain zuzen ere Joao Almeidak 2021ean galarazi egin ziona lortu ahal izan du orain: alegia, Poloniako Itzulia irabaztea. Duela bi urte, Almeidak, orduan Deceuninck Quick-Step taldean, azken sailkapen nagusiko aurreneko postua erdietsi zuen, eta Mohoric izan zen bigarrena, 20 segundora; Kwiatkowski, orain bezala, hirugarren tokian amaitu zuen, 27 segundora. Esloveniarrak, hortaz, mendekua hartu du, estu-estua izan den lasterketan.

Sailkapen nagusian jazotako berdintasuna zein handia izan den ulertzeko adierazle gisa, hona hemen datua: ostiraleko etapako tarteko esprinta, Wilamowice udalerrian jokatu beharrekoa, erabat erabakigarria izan liteke. Aurreikuspenaren arabera, Krakoviako helmugan esprinterrek izango zuten garaipena lehiatzeko aukera, eta, beraz, Mohoricek eta Almeidak etapa amaitzeko ia 100 kilometro geratzen zirela izango zuten jokoan Poloniako Itzulia. UAEk, portugaldarraren taldeak, guztiz kontrolatu du tropela aurreneko 67 kilometroetan, eta inork ez du ihes egin; tarteko esprinta gertu zela, Bahrain-Victoriousek hartu du aurrea, eta modu egokian babestu dute liderra. Andrea Pasqualonek egin du azken erreleboa, eta jarraian Mohoricek berak egin du esprinta, Almeida haren gurpilean zela; horrela zeharkatu dute pankartapean, ordena horretan, maillot horia aurretik zihoala. Hiru segundo Mohoricentzat, bi Almeidarentzat, eta sailkapen nagusia ia erabakita, ezustekorik izan ezean.

Ez da ezustekorik izan, eta Bahrain taldeak, etapa bukatuta, beste garaipen bat ospatu ahal izan du. Hori bai, azken esprintaren osteko lehenengo minutuetan ziurgabetasuna nagusitu da. Kontua da Tim Merlierrek argi irabazi duela, azken metroetan, eta ematen zuen belgikarraren garaipenak ez zuela eztabaidatzeko moduko ezer; baina esprintaren irudiak ikusita, bazirudien Arvid de Kleijn Tudorreko herbeheretarraren aurrean gurutzatua zela. De Kleijn bigarren postuan sartu da, eta erorikoa izatear ere izan da, esprintean. Epaileek hamabost bat minutu eman dituzte bideoa aztertzen, baina, azkenean, Soudaleko txirrindulariaren aurreneko postua berretsi egin dute.

Etapa, berez, bi frontetan lehiatu den borroka izan da. Lehenengoak, alegia, Wilamowiceko tarteko esprinta jokatu baino lehen zegoen tarteak, protagonista nagusi bat izan du: UAEko Davide Formolo italiarra. Formolo irteeratik jarri da tropel buruan, eta horrela jarraitu du hurrengo 60 kilometroetan, hau da, Bahrainek aurrerapausoa eman arte. UAE eta Bahrain taldeetako ziklistak kenduta, inork ez du inolako mugimendurik egiteko aukerarik izan; alde batetik, asko zegoelako jokoan, eta, bestetik, Formolok ez baitu ezer baimendu.

Bigarren zatian, hau da, azken 95 kilometroetan, hainbat ziklista saiatu dira ihesaldia sortzen. Dorian Godon (AG2R), Christian Scaroni (Astana) eta Marcin Budzinski (HRE Mazowsze Serce Polski) izan dira lasterketa buruan hainbat kilometrotan, baina ez dute alde esanguratsurik erdietsi, eta helmugatik urrun harrapatu dituzte. Espero modukoa zen esprint handia izatea, eta horrela bukatu da Poloniako Itzulia, Tim Merlierrek irabazitako esprint bat izan dela.

Proban parte hartu duten Euskal Herriko bi txirrindulariak, alegia, Cofidiseko Jonathan Lastra eta Movistarreko Imanol Erviti, 27. eta 64 postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Mohoricekiko 2:26ra eta 19:34ra.

Etapako sailkapena

1 - MERLIER Tim (Soudal) 3:28:44

2 - DE KLEIJN Arvid (Tudor) d. b.

3 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.

4 - THIJSSEN Gerben (Intermarché) d. b.

5 - PENHOËT Paul (Groupama) d. b.

6 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Human) d. b.

7 - GAUTHERAT Pierre (AG2R) d. b.

8 - SELIG Rüdiger (Lotto) d. b.

9 - MOSCHETTI Matteo (Q36.5) d. b.

10 - PASQUALON Andrea (Bahrain) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - MOHORIC Matej (Bahrain) 26:17:48

2 - ALMEIDA Joao (UAE) +0:01

3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:17

4 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:22

5 - CATTANEO Mattia (Soudal) +0:41

6 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:42

7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +0:55

8 - MAJKA Rafal (UAE) +0:58

9 - BATTISTELLA Samuele (Astana) +1:00

10 - ONLEY Oscar (DSM) +1:07