Itxi

Txirrindularitza

Balizko fusioa

Nazioarteko Federazioak, Jumbori eta Soudali: "Fusioek kontratuak errespetatu behar dituzte"

EITB MEDIA

Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak Jumbo-Visma Herbehereetako eta Soudal Quick-Step Belgikako taldeen arteko balizko fusioa izan du hizpide asteartean; adierazi duenez, fusio hori "komunikabideetan dabil".

  • Vingegaard, Kuss eta Roglic (ez du Jumbo-Visman jarraituko), Espainiako Vueltan. Argazkia: EFE.

    Vingegaard, Kuss eta Roglic (ez du Jumbo-Visman jarraituko), Espainiako Vueltan. Argazkia: EFE.

Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak Jumbo-Visma eta Soudal Quick-Step taldeei esan die balizko fusio batek errespetatu egin beharko lituzkeela "Nazioarteko Txirrindularitza Federazioaren araudiek aurreikusitako prozedurak eta xedapenak", eta bermatu egin beharko lituzkeela "langile guztien kontratuak bete egingo direla". Asteartean kaleratu duen ohar batean, erakundeak Herbehereetako eta Belgikako taldeen arteko balizko fusioa izan du hizpide; izan ere, fusio hori "komunikabideetan dabil".

"Honelako edozein eragiketak Nazioarteko Txirrindularitza Federazioaren arauak eta xedapenak errespetatu behar ditu; hain zuzen ere, horien bidez daude bermatuta tartean dauden taldeetako kontratuak, txirrindularienak ez ezik, baita zuzendaritza taldeetako kideenak, medikuenak, mekanikarienak, kirol laguntzaileenak eta gidarienak ere. Horrek berebiziko garrantzia du Nazioarteko Txirrindularitza Federazioarentzat", azaldu du.

Horrez gain, nazioarteko erakundeak nabarmendu duenez, fusioak eragina izango luke UCI WorldTour mailako lizentzien esleipena egiteko. Jumbo-Visma eta Soudal Quick-Step taldeek lehiatzeko maila hori dute, 2025era arte, baina, dena dela, "araudiarekin bat eginda, lizentzia hori noiznahi azter lezakete berriro".

"2024ko denboraldian bi taldeetako baten jarraipena bermatuta ez balego, UCI WorldTeam mailako 17 talde egongo lirateke 2024ko eta 2025eko denboraldietan; ondorioz, lasterketetara automatikoki gonbidatutako UCI ProTeam mailako taldeen kopuruak gora egingo luke, araudiak jasota duenez", azaldu du Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak.

WorldTour mailako denboraldia nola antolatu erabakitzeko, erakundeak kontuan izango du "antolatze irizpidea", eta, aldizka, "kirol irizpidea" ere bai; kanpoko auditore batek laguntzen du zeregin horretan (PwC da gaur egun), "ezaugarri finantzarioak eta kontratuak egiaztatzeko".

Fusioa azkenean gauzatuko balitz, lizentziekin lotuta hartu beharreko erabakiaren xedea litzateke "ziurtatzea taldeek araudia errespetatzen dutela, bereziki jarraitutasunari eta langileen kontratuei dagokienez".

"Talderen baten egoeran aldaketa esanguratsuren bat izango balitz, hori izen-emate prozesuan adierazi behar da, Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak aztertu ahal izan dezan", gogoratu du erakundeak. Urriaren 19an emango du jakitera, prentsa-ohar bidez, zein taldek aurkeztu duten funtsezko informazioa.