Itxi

Txirrindularitza

Itzulia utzi behar izan zuen

Jonas Vingegaardek alta jaso du, Txagorritxun ospitaleratuta hamabi egun emanda

EITB MEDIA

Visma Lease a Bike taldeko txirrindulari danimarkarrak, 2022ko eta 2023ko Frantziako Tourraren irabazlea bera, lepauztaia eta saihets-hezur batzuk zituen hautsita hilaren 4an, Euskal Herriko Itzulian izandako eroriko larriaren ondorioz.

  • Vingegaard, multzo baten buruan, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Vingegaard, multzo baten buruan, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Visma Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarrak alta jaso du asteartean, Arabako Unibertsitate Ospitalea-Txagorritxuko egoitzan (Gasteiz) ospitaleratuta hamabi egun emanda, Herbehereetako taldeak baieztatu duenez. Vingegaard hilaren 4an ospitaleratu zuten, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapan izandako eroriko larrian hainbat lesio larri izan zituelako; hain zuzen ere, 2022ko eta 2023ko Frantziako Tourraren irabazleak, besteak beste, lepauztaia eta saihets-hezur batzuk zituen hautsita, erorikoaren eraginez.

Vismak argitaratu du, sare sozialetan, irudi bat, eta horretan ikusgai dago nola irten den ospitaletik txirrindularia: "Osasun langile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet ni horren ondo zaintzeagatik, eta guztioi, emandako babes moralagatik", azaldu du ziklistak. Danimarkarrak nabarmendu du hainbat mezu, opari eta marrazki jaso dituela, eta adierazi du pentsatzen duela heldua dela "berriro ere guztiz sendatzeko unea".

Erorikoaren ondorioz, Vingegaardek lepauztaia eta hainbat saihets hezur zituen hautsita, bai eta birika bat kolapsatuta eta birika-makadura ere. Dozena bat txirrindulariri eragin zien istripuak, tartean lider zebilen Primoz Roglici eta Itzulia irabazteko hautagai nagusietakoa zen Remco Evenepoel belgikarrari.