Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

7. etapa

Groenewegenek Jumboren hirugarren garaipena lortu du aurtengo Tourrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Esprinter herbeheretarrak Frantziako lasterketan lortzen duen laugarren garaipena bereganatu du, Caleb Ewan eta Peter Saganen aurretik sartuta.

1:55
Imagen del video-finish que ha decidido el ganador de la séptima etapa del Tour de Francia

Dylan Groenewegen (Jumbo-Visma) txirrindulari herbeheretarrak lortu du garaipena Frantziako Tourreko zazpigarren etapan (Belfort - Chalon-sur-Saône, 230 km), lasterketa horretan lortzen duen laugarrena; izan ere, 26 urteko esprinterrak beste bi etapa eskuratu zituen joan zen denboraldian, eta beste bat 2017ko ekitaldiko azken etapan, Eliseoko Zelaietan, hain zuzen ere.

Hori gutxi balitz, bere taldeak aurtengo edizioan bereganatu duen hirugarren etapa izan da. Lehendabiziko egunean, Mike Teunissenek ezustekoa eman zuen eta hurrengoan Jumboko kide guztiek erakustaldi handia eman zuten taldekako erlojupekoan.

Eguneko beste protagonista nagusiak Stéphane Rossetto (Cofidis) eta Yoann Offredo (Wanty-Gobert) frantziarrak izan dira. Ihesean ibili dira etapa hasieratik bertatik, eta tropelari aurre hartuta eman dituzte 200 kilometrotik gora. Alabaina, lehenengo Rossettok eta handik gutxira Offredok amore eman behar izan dute helmugara heltzeko 12 kilometroren faltan.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Giulio Ciccone (Trek - Segafredo) italiarrak, bere aldetik, elastiko horiari eutsi dio aurtengo Tourreko etaparik luzeena izandakoan.

Larunbat honetan jokatuko den zortzigarren etapari dagokionez, Maconetik aterako eta Saint-Étiennen amaituko da. Txirrindulariek oso ibilbide gorabeheratsuari egin beharko diote aurre, zazpi mendate igo beharko baitituzte (2. mailako bost eta 3. mailako beste bi).