Itxi

Artea

‘Esportaezintzat’ hartua

Picassoren 25 milioi euroko koadro bat atzeman dute Korsikan

Agentziak | Erredakzioa

Jaime Botin espainiar bankariarena da koadroa, eta Suitza zuen helmuga, nahiz eta espainiar agintariek “esportaezintzat” izendatuta duten.

Frantziako Aduana Zerbitzuak gaur iragarri duenez, joan den ostiralean Picassoren lan bat atzeman zuten, Korsikan; 25 milioi euroko balioa du lanak, eta Jaime Botin espainiar bankariarena da. Espainiar agintariek “esportaezin” izendatu badute ere, Suitza zuen helmuga artelanak.

Head of a Young Woman koadroak Bastiako mugazainen arreta bereganatu zuen, eta barruan zeraman itsasontziko jabeari artelanari dagozkion paperak eskatu zizkioten, Calviko kirol portuan.

Gizonak “lanaren ebaluazio dokumentua eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 2015eko maiatzean idatziriko txosten bat” soilik aurkeztu zituen. Azken agiri horrek koadroa “Espainiatik inola ere atera ezin den espainiar altxor nazioanala” dela dio, Korsikako Poliziaren arabera.

Artelanaren jabea, frantses hedabideek zabaldutako oharrak dioenez, Jaime Botin da, baina bera ez zegoen aurrean bere izenean egin ez den esportazio saiakera gauzatzen ari zirenean.

Espainiako Justiziak lehenago ere, maiatzean, debekatu zion Emilio Botin zenaren anaiari Picassoa Estatutik ateratzea, Hezkuntza Ministerioak 2013ko uztailean “esportaezintzat” jo zuela argudiatuta.

Espainiar Ondare Historikoko Ondasunak Esportatu, Balioztatu eta Kalifikatzeko Batzordeak orduan adierazi zuenez, “egileak Gosol garaian, iberiar artearen plastikaren eraginpean, margoztutako lan bakanetakoa da Head of a Young Woman, eta orduko aurkikuntzek pisu nabarmena izan zuten ez soilik kubismoan, ezpada, oro har, XX. mendeko pinturaren eboluzioan”.