Artea
Erakusketa
Punkak arte garaikideari emandakoa, Artiumen ikusgai
eitb.eus
Nazioarteko 50 artista baino gehiagoren lana paratu du Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, 70eko hamarkadan lehertu zen mugimenduak egungo ekoizpen artistikoan duen eragina erakusteko.
-
Jordi Colomer erakusketan parte hartzen duen artistaren argazkia
Artium, Arte Garaikideko Gasteizko Euskal Zentro-Museoak “PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak” erakusketa jarriko du bihartik, urriak 23, 2016ko urtarrilaren 31 arte ikusgai.
David G. Torres komisarioak sustatutako erakusketa honek egungo sortzaile asko uztartzen dituen "amorruzko zarata" bat dagoela utzi nahi du agerian, eta punk jarrerak ekoizpen artistiko garaikidean bizirik dirauela agerrarazi.
Erakusketak nazioarteko berrogeita hamar artistak baino gehiagok ekoitziriko hirurogei artelan baino gehiago bildu ditu: argazkiak, bideoak, margolanak, instalazioak, eskulturak eta dokumentuak…
Punka hilda ez dagoela, “punk is not dead” aldarrikatzen du erakusketak. “Punkak kultura ulertzeko eta, ondorioz, munduan egoteko modu bat erakusten du: kritikoa, deserosoa, arauen aurkakoa… Eta jarrera horrek bizirik dirau”, esan du David G. Torresek.
“PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak” erakusketak Artiumeko Iparra aretoko 1.500 metroak hartzen ditu, sei esparru kontzeptualetan antolatuta.
Carlos Airesen malagar artistaren lana
Inaugurazioa: hitzaldiak, kontzertuak...
Erakusketa zabalduko den egunean, David G. Torresek punk mugimendua leherrarazi zuten jarrera eta egoerei buruzko hitzaldi bat emango du. Erakusketa ireki ondoren, João Onofre portugaldar artistak Box Sized Die performancea aurkeztuko du, Sorgerth death metal musika egiten duen Bermeoko taldearen laguntzarekin (20:45ean). RIP, Obligaciones eta Señor No taldeetako kide ohiek osatzen duten Piztu Punk! proiektuaren kontzertuak biribilduko du programa.