Itxi

Artea

Izendapena

Javier Gonzalez de Durana izendatu dute Balenciaga Museoko zuzendari

Erredakzioa

Rekalde Aretoko eta Artium Fundazioko zuzendaria izan da, eta Guggenheim Museoarekin eta ARCOrekin ere egin izan du lan.

Javier Gonzalez de Durana (Bilbo, 1951) izendatu dute Balenciaga Museoko zuzendari. Cristobal Balenciaga Fundazioaren Patronatuak hartu du erabakia astelehen honetan, Getarian.

Filosofia eta Letretan doktorea da Gonzalez de Durana, eta irakasle lanetan aritu zen EHUko Historia Garaikidearen fakultatean. San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea da 1995etik. Bilboko Rekalde Aretoko zuzendaria izan zen 2001eko martxotik 2008ko maiatzera, eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren Fundazioan ere zuzendari lanetan aritu zen. Ondoren, TEA Tenerifeko Arteen Espazioko zuzendari izendatu zuten.

Bilboko XX. mende hasierako abangoardiako artearen inguruko hainbat lan idatzi ditu, tartean Ideologías artísticas en el País Vasco de 1900, Arte y política en los orígenes de la modernidad (1992) eta El Coitao. Mal llamao (1995). El jardín de Marte eleberria eta Relatos y arrebatos ipuin-liburua ere idatzi ditu.

Guggenheim Bilbao Museoan arte bildumarako erosketen batzordeko kide izan zen 1993tik 1998ra, eta ARCOn ere parte hartu du, 1997tik 2006ra bitartean, Ohorezko Batzordeko kide gisa.