Itxi

Artea

Borjan izan dira

'Ecce homoa' berreskuratu daitekeela uste dute zaharberritzaileek

Erredakzioa

Artelana bertatik bertara aztertu duten bi profesionalen ustez, ''aukerak daude'' originala berreskuratzeko. Cecilia Gimenezekin hitz egin dute, telefonoz.

  • Zaharberritzaile talde batek ecce homoaren egoera aztertu du

    Zaharberritzaile talde batek ecce homoaren egoera aztertu du. EITB

Zaharberritzaileen talde bat Borjan (Zaragoza) izan da astelehen honetan, 'ecce homo' margotuaren egoera aztertzeko. Artelana bertatik bertara aztertu duten bi profesionalen ustez, ''aukerak daude'' artelan originala berreskuratzeko.

Encarnacion Ripolles eta Mercedes Nuñez Albarium enpresako bi ordezkariak Borjako elizan izan dira, kaltetutako 'ecce homoa' aztertzeko. Bi emakumeak baikor agertu dira, baina ikerketa kimikoen emaitzak jakin arte itxaron beharko dela gaineratu dute.

''Nahi barik'' margolanari kalteak egin zizkion Cecilia Gimenez 81 urteko emakumearekin telefonoz hitz egin dute, hark erabili zituen margoak eta erramintak ezagutzeko. Olio-pintura erabili zuela baieztatu die Ceciliak.

Elias Garcia Martinez artistaren lana Borjako elizako horma batean dago egina, eta datozen egunetan egon daiteke margolanaren egoeraren inguruko txostena prest. Gainera, aste honetan bertan, beste zaharberritzaile-talde batek aztertutako du Borjako lana, oraingoan Aragoiko Gobernuak eskatuta. 

Azken egunotan oihartzun handia izan du gertaerak, baita nazioarte mailan ere. Asteburuan zehar, ilara luzeak izan dira herrian, ''zaharberritutako'' lana ikusteko.