Itxi

Bertsolaritza

Txapelketa Nagusia 2013

Abiatu da bertsozaleen 'zita handiaena'

Erredakzioa

17:30ean abiatu da, Villabona-Amasan, Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013. Lehen  saio honetarako sarrera denak agortuta, indartsu dator 16. edizioa.

1:25
Argazkia: EiTB

Olaederra kiroldegian 17:30ean da hitzordua.  Saiorako salgai zeuden sarrera guztiak salduta,  16:30ean zabaldu dituzte ateak, eta noski, ez da leihatilarik ireki.  Hasiera batean,  Behar –Zana pilotalekuan zen egitekoa 2013ko Txapelketa abiarazi duen saioa, baina  sarrerak  arrapaladan agortu izanak,  lekuz aldatzera eraman ditu antolatzaileak.

Indartsu dator, beraz, 2013ko edizioa. Orotara, 43 bertsolarik hartuko dute parte. Finalaurdenetan  36 bertsolarik hartuko dute parte,  denak lurraldekako txapelketetan sailkatutakoak. Seina bertsolarik osatutako sei talde egingo dira eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera.

Finalerdietara 24 bertsolari helduko dira; 17 aurreko fasetik datozenak eta 2009ko edizioko  zazpi finalistak, betiere, izena eman badute,  Final handian bertsotan aritzeko aukera, berriz, beti bezala, zortzi bertsolarik izango dute: 2009ko txapelduna, Maialen Lujanbio, zuzenean sailkatuko da. Gainerako zazpiak finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko dira.

Gaur abiatuko da aurtengo norgehiagoka; hortik abiatuta, Markina, Hendaia, Altsasu, Legazpi, Oion, Gernika, Tolosa, Oiartzun, Murgia, Elizondo, Donostia eta Maule izango dira geltokiak. Finala, berriz, abenduaren 15an, Barakaldoko BECen jokatuko da.

Protagonistak bertsolariak diren arren, eskarmentu handiko lan-talde zabal batek hilabeteak daramatza, txapelketa prestatzen; gai-jartzaileak, epaileak, Bertsozale Elkarteko profesionalak eta borondatez lan egiten duten dozenaka bertsozale.  16 lagun arituko dira epaile lanetan, jada ezarrita dituzte epai-irizpideak oinarri hartuta.Gai-jartzaileak ere, 16 izango dira.

eitb.com-ek eta ETBk, jarraipen zabala

Hitzetik Hortzerak final laurdenen laburpenak eskainiko ditu, igandero, 15:00etan, eta astelehenero, 23:15ean. Finalerdiak osorik emango dira ETB HDn eta eitb.com-en , bereizmen handian. Abenduaren 15eko finala zuzenean izango da ikusgai atari honetan eta ETB1en