Bertsolaritza
Euskal Herriko Txapelketa
Lau gipuzkoar eta bina bizkaitar eta lapurtar, final handian
Erredakzioa
Maialen Lujanbiorekin batera, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina nor baino nor gehiago arituko dira BECeko oholtzan.
Urduritasuna zen nagusi Mauleko finalaurrekoan, eta ez zen gutxiagorako, BECen abenduaren 15ean jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final handirako txartela baitzegoen jokoan. Bi bertsolarik lortu zuten helburua: Sustrai Colinak (berak irabazi zuen saioa) eta Aitor Mendiluzek. Unai Agirre gertu geratu zen, sailkapen orokorrean Aitor Sarriegirekin puntuetan berdindua, baina Sarriegik lortu zuen zazpigarren postua.
Honenbestez, osatua dago Lujanbiori finalean batuko zaion zortzikoa: Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi . Lau gipuzkoar, bizkaitar bi eta lapurtar bi; emakume bakarra (Maialen Lujanbio).
Lepo bete zen larunbatean Maule-Lextarreko Ororena ezker pareta (1.780 bertsozale, Zuberoako lagun tartean. Sustrai Colina nabarmen goitik ibili zen, eta txukun burutu zuen saioa, kartzelako lanean goia jota. Unai Agirrek ere merituak egin zituen finalerako sailkatzeko, bidean geratu zen, baina. Aitor Mendiluzek, ordea, ez zuen ohiko distira erakutsi, BECen aritzeko beharrezko zituen puntuak eskuratu bazituen ere. Gainerakoan, Irazu eroso aritu zen, baserri mundua gertutik ezagututa, laborantzaren inguruko bertsoekin konkistatu zituen han bildutakoak. Jone eta Agin urduri aritu ziren, eta ez zuten ametsa betetzerik izan.
Mauleko saioko sailkapena:
Sustrai Colina 695,5 puntu
Unai Agirre 691,5 puntu
Jexux Mari Irazu Muñoa 689,5 puntu
Aitor Mendiluze 688,5 puntu
Jone Uria 666,5 puntu
Agin Laburu 648 puntu
Sailkapen orokorrari begiratuta, hona puntuazioa:
Amets Arzallus (Hendaia) 1.436,50 puntu
Igor Elortza (Durango) 1.425,00 puntu
Sustrai Colina (Biarritz) 1.401,50 puntu
Beñat Gaztelumendi (Añorga) 1.392,50 puntu
Aitor Mendiluze (Andoain) 1.383,00 puntu
Unai Iturriaga (Durango) 1.374,00 puntu
Aitor Sarriegi (Beasain) 1.362,00 puntu (bera izango da zazpigarren sailkatua)
Unai Agirre (Hernani) 1.362,00 puntu
Zazpi izen hauei batuko zaie 2009ko txapelduna, Maialen Lujanbio.