Durangoko Azoka
51. edizioa
Durangoko Azokak ateak itxi ditu, balorazio 'positiboa' izanda
Eitb.eus
Antolatzaileek azaldu dutenez, bisitariei dagokienez, aurtengo edizioa "gorabeheratsua" izan da, baina 2015eko datuen antzekoak izatea espero dute.
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak "inpresioen berri" eman du astearte honetan, Durangoko Azokako Areto Nagusian egindako agerraldian. Durangoko Azokaren 51.edizioaren balorazio positiboa egin du Mujikak, "zenbatekoei dagokienez eta batez ere nolakotasunei dagokienez ere". Bisitarien joan-etorria nahiko irregularra izan dela jakinarazi du. Era berean, ikasle andana hurbildu dela nabarmendu du (ostiralean eta astelehenean, bereziki).
Mujikak inpresioen berri eman du, oraindik ez dituztelako datu zehatzak ezagutzen. Hala, aurreko urteetako datuekin alderatuta aurtengoak antzekoak izatea espero dutela jakinarazi du, eta ez dela alde handirik egongo ziurtatu du.
"Bizitzekoa DA" izan da aurtengo leloa, eta helburu hori bete egin dela azpimarratu du Gerediagako presidenteak: "Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik partehartzaile izatera igarotzen ari da".
Gainera, helduentzako ikastaroen erantzuna "gora-beheratsua" izan dela esan du Mujikak, tailer batzuetan parte-hartze handia egon delako baina beste batzuetan ez horrenbeste. Dean den, datorren urtean ekimena errepikatuko dutela aurreratu du, "hobekuntza batzuekin" bada ere.
Beste alde batetik, egileek “proposamen onenak” Durangoko Azokan aurkezteko ahalegin berezia egiten dutela nabarmendu du Pello Elzaburu EEE Euskal Editoreen Elkarteko kideak. Ildo horretatik, Azokak duen indarra eta garrantzia handia azpimarratu du. Gainera, egileak modu aktiboan jarduten dutela esan du: liburuak sinatzen edota irakurleekin hitz egiten.
Horrez gain, bost egun hauetan "giro ona" egon dela esan du Mujikak, barruan zein kanpoan, eta larunbat goizean lauzpabost kalejira egon zirela nabarmendu du: “Horretaz ari gara Durangoko Azoka bizitzeko dela esaten dugunean”, esan du.
Iurretako aparkalekuak eta Landa Gunea lotzen dituen doako autobus-zerbitzuari dagokionez, aurten arrakasta gehiago izan duela nabarmendu du Mujikak, izan ere, 600 bisitarik baino gehiagok erabili dute garraio hori. Ildo horretatik, ohiturak aldatzea ez dela erraza nabarmendu du, baina garraio publikoa bultzatzeko ahalegina nabari daitekeela ziurtatu du.
Durangoko Azokaren webguneari dagokionez, irailetik aurrera bisitak nabari igo direla adierazi du. Mujikaren esanetan, datu horrek erakusten du Azoka ez dela bost eguneko kontua soilik, bisitariek denborarekin planifikatzen dutela.
Ruth Manzano MIE Musika Elkarteko kideak ere balorazio positiboa egin du, diskoen salmentak mantendu egin baitira. Egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, datu hori kontuan hartzekoa dela azaldu du: "Asteburua oso ona izan zen, eta eguraldiak horretan lagundu zuen", nabarmendu du. Alabaina, BEZ kulturalak sektoreari min handia egiten diola esan du.
Datorren urteko edizioari begira,bisitaria zaintzen eta industriari bultzada ematen jarraituko dutela esan du Mujikak. Azkenik, Durangoko Azokak “aurpegi ezberdinak” dituela eta ateak guztientzat zabalik daudela esan du, “euskalduna ez den horri ere”.