Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 1-4

DA! Pro topagunea zabalduko du Durangoko Azokak aurtengo edizioan

N. V. | EITB Media

Egun batetik lau egunera pasatuko da kultur profesionalentzako topagunea, eta musikaz haratago joango da.

  • DA! Pro ekimenaren aurkezpena, gaur goizean Bilbon

    DA! Pro ekimenaren aurkezpena, gaur goizean Bilbon

DA! Pro kultur profesionalentzako topagunea antolatuko du aurten ere Durangoko Azokak, BBKren babesarekin, eta aurreko edizioetan baino egitarau zabalagoa izango du, egun batetik laura igaroko baita.

Abenduaren 1etik 4ra arte izango da, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu, hala nola musika, familia ikuskizunak, literaturatik ikus-entzunezkoetarako bidea eta sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak.

Topagune profesionala Durangoko hainbat espaziotan egingo dute (San Agustin kulturgunea, Bizenta Mogel biblioteka, Zugaza zinema eta Landako gunea), eta parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Egitaraua

Abenduaren 1ean hasiko da DA! Pro. Aurreko bi urteetan bezala, musikari eta musika taldeek euren proiektu berriak aurkezteko aukera izango dute Euskal Herriko programatzaileen aurrean, Musika Bulegoaren lankidetzarekin. 09:00etatik 14:00ak arte hamar minutuko aurkezpenak egingo dituzte Durangoko San Agustin Kultur Gunean.

Abenduaren 2an formatu txikiko familia ikuskizun eta ikastaroen txanda izango da. Arlo honetan lan egiten duten sortzaileek euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztu ahal izango dituzte sektoreko teknikarien aurrean, 09:00etatik 14:00ak arte.

Hirugarren egunean, abenduaren 3an, 'Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?' hitzaldi eta mahai ingurua antolatu dute Durangoko Zugaza zinema aretoetan, 11:00etan.

Bukatzeko, abenduaren 4an, erakusmahaiak aurrez aurre Azokan izango diren lehenengo egunean, 'Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak' solasaldia egongo da Landakon, 13:30ean, egile eskubideei, komunikazioari eta kontratazio kontuei buruz.