Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

56. edizioa

Astelehen honetatik aurrera eman ahalko da izena Durangoko Azokara sartzeko

N. V. | EITB Media

219 erakusmahai egongo dira Landako Gunean abenduaren 4tik 8ra, 990 nobedaderekin: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 gai. Online denda abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan.

1:14
Durangoko Azoka. Artxiboko irudia.

Astelehen honetatik, azaroaren 29tik, aurrera eman ahalko da izena Durangoko Azokaren webgunean abenduaren 4tik 8ra Landako Gunean eta Plateruenan, Ahotseneko kontzertuetan, sartzeko.

Antolatzaileek azaldu duten bezala, aurten, erakundeek ezarritako osasun neurrietara egokitzeko, Landakora eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Landako Gunean 1.200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, bakoitzean ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da une oro, eta ezingo da jan eta edan.

"Osasun neurri guztiak zorroztasunez beteko ditugu, eta gauza bera eskatu gura diegu kulturzale guztiei: arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, bai Azoka barruan, baita Azokatik kanpo ere Durangoko herrigunean", azaldu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.

Behin barruan, bisitariek 990 nobedade izango dituzte eskura Landako Gunean egongo diren 219 erakusmahaietan: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu.

Gaztelurrutiaren hitzetan, "urte zaila eta konplikatua izan bada ere euskal sortzaileentzat, badirudi uzta oparoa utzi digutela". Azokako katalogoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.

Osasun-egoerak baldintzatutako Azoka honetan ezingo da Ikasle Goiza modu presentzialean antolatu, eta, horren ordez, Durangoko Azokak "portaDA!" erronka jarri du martxan Euskal Herriko ikastetxeentzat: ikasleek euren sormena landu beharko dute euskarazko disko eta liburu baten azala erabilita.

Guneak

Szenatokia gunean, arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun, beraz, abenduaren 4a eta 8a bitartean, antzerkia, dantza eta poesia uztartuz: Jon Ander Urrestiren "Tribiz baserri galdua", Zestoako Formol Laborategiaren "Album" antzezlana, Galder Perezek zuzendutako "Lurrun minez" lana, Bagara konpainiaren "Interakzioa" eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen "Högeitavat" emanaldia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, Zugaza zinemetan, 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta haur eta gazteentzako hiru filmen emanaldiak antolatu dituzte. Iaz Sormen Beka irabazi zuen "Bañolet" websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean.

Saguganbaran, familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu-hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste.

Kabi@ gunean, bestalde, hiru ataletan banatuta egongo da programazioa: "geruza digitalak" izeneko hitzaldi laburrak, sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat eta "txikientzako lantegia" izeneko jarduera.

Ahotseneak bi esparrutan oinarrituko du bere egitaraua eta egitekoa, urtero bezala: musika eta literatura. Plateruena barruan antolatuko diren zuzeneko kontzertuetan, talde sortu berri eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira, eta horietarako ere aldez aurretik eman beharko da izena, azaroaren 29tik aurrera.

Literaturari dagokionez, espazio bitan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura