Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Osasun neurriak

Aldez aurretik izena eman beharko da Durangoko Azokara sartzeko

N. V. | EITB Media

1.200 bisitari sartuko dira Landako Gunean, ordu eta erdiko txanda bakoitzean. Ahotseneko kontzertuetarako tokia ere aldez aurretik erreserbatu beharko da.

1:30
Durangoko Azokan bete beharreko neurriak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Aurtengo Durangoko Azoka aurrez aurrekoa izango da, bai, baina Gerediaga Elkarteak hainbat neurri hartu ditu topaketa Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun neurrietara egokitzeko. Horren ondorioz, Landako Gunean eta Plateruenean, Ahotseneko kontzertuetan, sartzeko aldez aurretik izena eman beharko da Durangoko Azokaren webgunean. Barruan, maskara jarrita izan beharko da, eta ezingo da jan-edanean ibili.

Landakon 1.200 bisitari egon ahalko dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean. Tarte hori amaitutakoan, espazioa hustu egingo da hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, bost txanda egongo dira, 10:00etatik 20:00ak arte.

Plateruenean 50 kontzertu izango dira abenduaren 4tik 8ra, eta horietarako tokia ere Azokaren webean hartu beharko da aldez aurretik. Plateruenean ez da ostalaritza zerbitzurik egongo.

Halaber, Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak arduraz jokatzeko deia egin diete Durangora bertaratuko diren bisitari guztiei ere: "Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea ".

Abenduaren 4tik 8ra, 220 erakusmahai egongo dira Landakon, eta abenduaren 3tik 7ra egongo da zabalik online denda.