Publizitatea
Itxi

2019/05/21

12:24

Gastronomia

Goi sukaldaritza

Etxebarri erretegiak Europako jatetxe onenen podiumean jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Victor Arginzonizek hirugarren postua lortu du berriz, Eneko Atxa 17. posturaino jaitsi da eta Elena Arzak ehun onenen arteko bost emakumeetako bat da, 45. postuan.

  • Victor Arginzoniz

    Victor Arginzoniz, ETBren bideo batetik hartutako irudian

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Etxebarri erretegiak (Axpe, Bizkaia), Victor Arginzoniz txingarren maisuaren jatetxeak, hirugarren postua indartu du Europako 2019ko jatetxe onenen zerrendan, Opionated About Dining (OAD) gidaren arabera. Beste lau euskal sukaldari agertzen dira Europako ehun jatetxe onenen zerrendan, bart Donostian egindako gala batean iragarri zutenez.

Antolatzaileek Gipuzkoako hiriburua aukeratu dute aurten OAD Weekend ospatzeko, eta joan den larunbatean hasi zituzten jarduerak. Beste edizio batzuetako saridun sukaldariek afaria eskaini zuten egun horretan, eta igandean zerrendan berriki sartutakoek eskaini zituzten zizka-mizka batzuk, Basque Culinary Centerren.

Astelehenean, irabazleen izenak iragarri dituzte Maria Cristina hotelean, Donostian, “Erretegiaren gaua” izena izan duen afari berezi batean. Bertan, Elkano, Casa Julian eta Rias de Galicia jatetxeetako sukaldariek suak partekatu dituzte abangoardiako sukaldaritzaren ordezkariekin, hala nola Eneko Atxa, Eduard Xatruch eta Oriol Castro maisuekin.


Ezkerretik eskuinera, Victor Arginzoniz, Juan Mari Arzak, Steve Plotnicki OAD gidaren sortzailea, Matias Gorrotxategi, Joxe Maria Aizega eta Quique Dacosta.

Bost euskal herritar ehun onenen artean

Frantzen Suediako jatetxeak Schauenstein Scholoss Andreas Caminada suitzarraren jatetxearen tokia hartu du zerrendaren gorengo postuan, eta bigarren postura bultzatu du bigarren hori. Etxebarri erretegiak, bestalde, hirugarren postuari eutsi dio.

Azurmendi Eneko Atxaren jatetxea (Larrabetzu) 17. posturaino jaitsi da, 2015ean zerrendaren buruan eta 2018an bosgarren postuan egon eta gero.

Martin Berasategui Lasarteko jatetxea 41. tokian agertzen da, eta Arzak, 45.ean. Hain zuzen ere, Elena Arzak da zerrendan ageri diren bost emakumeetako bat.

Mugaritz Andoni Luis Adurizen jatetxea 56. tokian sailkatu dute, eta, ehungarrenetik aurrera, Nerua (113), Amelia (116)...

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena