Itxi

Literatura

Martxoak 15-24

Emilio Gutierrez Cabak irekiko du BilbaoPoesía, Blas de Oteroren testuak irakurtzen

N. V. | EITB Media

Bilboko jaialdian parte hartuko dute, halaber, Karmelo Iribarrenek, Leire Bilbaok, Marta Sanzek, Beatriz Chivitek, Nacho Vegasek eta Izarok, besteak beste.

  • Leire Bilbao

    Leire Bilbao poetak martxoaren 22an hartuko du parte BilbaoPoesían

Emilio Gutierrez Caba aktoreak Blas de Otero bilbotar idazlearen poemak eta prosazko testuak irakurriko ditu gaur, martxoaren 15arekin, BilbaoPoesía literatura jaialdia irekitzeko, Cecilia Lavilla Berganzak eta Miguel Ituarte getxoztarrak pianoan lagunduta.

Jaialdi lirikoa martxoaren 15etik 24ra egingo dute, Bidebarrieta Liburutegian, “Berriz aireratu” goiburuarekin.

Jaialdian parte hartuko duten izenen artean, nabarmentzekoak dira, esaterako, Bigara, Amorante, Karmelo Iribarren, Leire Bilbao, Manuel Vilas, Bernardo Atxaga eta Marta Sanzenak.

Hilaren 16an, asteartearekin, “Abere ba Ulu ala ele” musikaz lagundutako poesia errezitaldiaren txanda izango da: Bigarak (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorantek eta Okene Abregok parte hartuko dute Loraldiarekin batera antolatutako ekitaldian.

Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga izango dira protagonista “Reencuentros” ekitaldian, martxoaren 17an: poesia argitaragabeak eta beren antologietatik hartutako beste batzuk irakurriko dituzte.

Martxoaren 18an, ostegunarekin, Rosana Acquaroni eta Isabel Bono poetak Pepo Paz Saz argitaratzailearekin batera jardungo dira, eta larunbatean, hilak 20, Marta Sanz eta Bernardo Atxaga arituko dira.

Martxoaren 22an, Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera poetek hartuko dute hitza, eta biharamunean “Gaztelondo zer berri. Etxahun” errezitaldia eskainiko dute Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalten testuarekin eta ahotsarekin, Pierre Visslerren soinu grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin.

Gainera, bi musika kontzertu ere programatu dituzte antolatzaileek, Bidebarrietan: Nacho Vegas (martxoak 19) eta Izaro (martxoak 21).

Emanaldiotara sartzeko gonbidapena eskatu edo sarrera erosi (Emilio Gutierrez Cabaren, Nacho Vegasen eta Izaroren saioak, 5 euro) beharko da.