Itxi

Musika

Uztailak 25-28

Hitzordu musikal bikoitza Bermeon, aste honetan

eitb.eus

Wave Rave (Crystal Fighters, Belako…) eta Bay of Biscay, Mundaka Festival zena (Rufus Wainwright, Backyard Babies…), jaialdiek musikaz jantziko dute Bermeon uztailaren 25etik 28ra.

  • Backyard Babies

    Backyard Babies taldeak larunbatean joko du Bay of Biscay jaialdian

Orain arte Mundaka Festival izenburupean ospatutako jaialdiaren bosgarren edizioa uztailaren 26tik 28ra egingo dute, berritasunez gainezka. Lehenik eta behin, izena aldatu dute (Bay of Biscay da orain), eta, bigarrenik, Bermeon izango da, Areatzatxu hondartzaren gaineko talaia batean, Mundaka utzita.

Gainera, aurten, atariko gisa, Wave Rave jaia ospatuko dute bezperan, uztailaren 25ean, Crystal Fightersek antolatuta. Britainiar taldeak berak hartuko du parte jaialdi horretan, “Gaia & Friends” laugarren diskoa aurkezten, eta horiekin batera egongo dira Belako, Hinds, Niña Coyote eta Chico Tornado, Maren eta Marfox eta Bad Gyalen DJ saioak.

19:00etan irekiko dituzte ateak, Marenen emanaldia hasi baino hogei minutu lehenago, eta gero etorriko dira Niña Coyote eta Chico Tornado (20:00), Hinds (21:00), Belako (22:15) eta Crystal Fighters (23:45). Wave Rave jaialdirako sarrerak salgai daude jada (43,6 euro), baita txartela Bay of Biscayrako bonuarekin batera erosteko aukera ere.

Bay of Biscay

Bay of Biscay bera ostiralean abiatuko da, uztailaren 26an, eta lehen jardunaldiko kartelean ageri dira Dekot, Ángel Stanich, Mon Laferte (22:00), Caravan Palace, Fuel Fandango (01:30) eta Anita Parker.

Biharamunean, Rufus Wainwrighten (21:45) eta Backyard Babies (01:30) suediarren txanda izango da, jaialdiko bi kartelburuena, eta Tarquek joko du bien artean, bakarkako bere disko rockeroa aurkezten. Gainera, The Mani-las, James Room & The Weird Antiqua eta Lemy River taldeek ere joko dute bigarren jardunaldi horretan.

Jaialdiaren azken jardunaldia, igandekoa, Lamera parkean egingo dute, Bermeon, eta doakoa izango da. Zona Cerok, Sex Museumek eta The Bronsonek joko dute.

Bestalde, beste jarduera batzuk ere eskainiko ditu jaialdiak, hala nola dastatze saio gastronomikoak eta umeentzako jolasak. Bilbo eta Bermeo arteko autobus zerbitzua ere eskainiko dute antolatzaileek.