Itxi

kultura

Maiatzak 29-31

Olatu Talkak 200 jarduera proposatuko ditu, Donostiako 10 espaziotan

N.V. | eitb.eus

Seigarren edizioa beteko du aurten Olatu Talka jaialdiak, eta hirian ezkutuan dauden espazioak berreskuratzen saiatu dira antolatzaileak, Donostia Kultura eta Donostia 2016.

Hilabete baino gutxiago falta da Donostia Kulturaren eta Donostia 2016ren elkarlanarekin Donostiako kaleek seigarren urtez “herritarrek herritarrentzako antolatutako jarduerez gainezka egiteko”.

Donostiako mugen barruan ospatuko den jaialdiaren edizio honetan, 10 Olatu Talka Guneren inguruan eraiki dute programazioa: Uliako lehengo udal mintegiak (Ulia-Intxaurrondo Gunea), San Martzial plaza (Altza Gunea), Kontxako arkupeak (Zentro Gunea), Saguesko zabalgunea (Gros Gunea), Miramongo basoa (Miramon Gunea), Kontadores (Bidebieta Gunea), Iztueta (Gros-Egia Gunea), Mentxu Gal lorategiak (Amara Gunea), Alfonso XIII plaza (Antigua Gunea), Konstituzio plaza (Parte Zaharra Gunea).

Horietan, tailer, kontzertu eta emanaldi, dantza eta antzerki ikuskizun, merkatu eta beste hamaika jarduerek aukera eskainiko dute “jaialdiko olatua barreiatu, herritarrak gerturatu eta Donostiako bizilagunei Olatu Talkaz beren auzoetan ere gozatzeko”, antolatzaileen hitzetan.

Programazioa

200 proposamen baino gehiago iritsi dira Olatu Talkara, aurreko urteko zifren inguruan. Proposamen horietako batzuk aurreko urteetan finkatutako jarduera ezagunak dira baina nobedade interesgarriak izango dira.

Honen adibide dira Olatu Talka jaialdiari hilaren 29an hasiera emango dion Biziz bizi txirrindularien ibilaldia, Sagueseko zabalgunean patin eta monopatinen inguruan ospatuko den Sagues Roller Fest jaialdia, Amarapedia topaketa digitala, Huts uneak esperientzia pilotua eta inoiz baino jarduera gehiago jasotzen dituen Garbibai egitasmoa.