Itxi

kultura

IRAILAREN 21ETIK 29RA

Claire Denis, Naomi Kawase eta Valeria Sarmiento Urrezko Maskorraren bila

EITB.EUS

Zuzendari horiekin batera, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Benjamin Naishtat eta Markus Schleinzer ere lehiatuko dira Zinemaldiaren 66. edizioko Sail Ofizialean.

  • Naomi Kawaseren 'Vision' Filma

    Naomi Kawaseren 'Vision' Filma

Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Benjamin Naishtat, Valeria Sarmiento eta Markus Schleinzeren azken lanak Zinemaldiaren 66. edizioko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, Sail Ofizialak jakitera eman duenez.

Claire Denis (Paris, 1946) lehen aldiz arituko da Urrezko Maskorra lortzeko lehian, High Life filmarekin. Zientzia fikziozko pelikula honetan, Rober Pattinson eta Juliette Binoche dira aktore nagusiak.

Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) bigarren aldiz hartuko du parte Sail Ofizialean. Japonian grabatutako Vision pelikula aurkeztuko du Donostian. Hor ere, Juliette Binoche aktore frantziarra ageri da, Masatoshi Nagase japoniarrarekin batera.

Kim Jee-woon (Seul, 1964) bigarren aldiz egongo da Urrezko Maskorra lortzeko lehian, eta Illang: The Wolf Brigrade aurkeztuko du oraingoan. Jin-Roh lanaren remake bat egin du, indarkeria polizial bortitzaren ingurukoa.

Valeria Sarmiento ere (Valparaiso, Txile, 1948), bigarren aldiz lehiatuko da zuzendari modura Sail Ofizialean Frantzia eta Portugalen arteko koprodukzio batekin: Le cahier noir / The Black Book. Camilo Castelo Brancok idatzitako Livro Negro de Padre Dinis eleberrian dago oinarrituta.

Benjamin Naishtat (Buenos Aires, 1986) bere hirugarren film luzearekin egongo da Donostian. Rojo lanak Argentinan gertatutako istorio bat kontatzen du, diktaduraren hasieraren bezperakoa.

Marcus Schleinzer (Viena, 1971) zinemagileak, berriz, bigarren pelikula aurkeztuko du: Angelo. Bortxaz europar bihurtu den afrikar bat du protagonista.

Simon Jaquement (Zurich, 1978) izan da izena ematen azkena. Sail Ofizialera itzuli da Der Unschuldige / The Innocent filmarekin. Iraganean harrapatuta dagoen emakume baten argazkia egiten du bertan.

Sail Ofizialean egongo diren beste pelikula eta zuzendarien izenak datozen asteetan emango dituztela jakinarazi dute Zinemaldiko antolatzaileek.