kultura
Sukaldaritza
Joel Robuchon, Michelin izar gehien bildu dituen sukaldaria, zendu da
agentziak
Nazioarteko sukaldaritza berriaren sortzaileetako bat da askoren ustean, eta jatetxeak ireki zituen Paris, Monako, Hong Kong, Las Vegas eta Bangkoken, besteak beste, 32 izar lortuta.
-
50 urte bete zituenetik ezagutzak zabaltzea erabaki du. Argazkia: EFE
Joel Robuchon sukaldari frantziarra zendu da gaur, astelehena, 73 urte zituela, pankreas minbiziak jota, Genevan (Suitza), Le Figaro egunkariak zabaldu duenez. Robuchonek 30 Michelin izar baino gehiago lortu zituen.
Sukaldariak "mendeko chefa" izendapena jaso zuen Gault et Millau sukaldaritza-gidaren eskutik, 1990an. Jatetxeak ireki zituen Paris, Monako, Hong Kong, Las Vegas eta Bangkoken, besteak beste, eta nazioarteko sukaldaritza berriaren sortzaileetakotzat hartu dute askok.
Entzute handiko sukaldariak lotura berezia izan zuen Espainiarekin, Calpen (Alacant) bizi izan zen. Patata orea eta trufa tarta, esaterako, dira chefaren errezeta ezagunenetako batzuk.
Robuchon 1945ean jaio zen, Poitiersen, eta familia xume batean, eta apaiztegi batean ikasi zuen 15 urte bete eta sukaldari laguntzaile gisa hasi arte. Orduz geroztik, sukaldaria izan da.
50 urte bete eta Joel Robuchon bere jatetxeak munduko onenaren saria (International Herald Tribunek emanda) jaso ondoren, chefak sukaldari lana alde batera utzi eta bere ezagutza zabaltzea erabaki zuen, hainbat telebista saiotan parte hartuz.
Chefaren asmoa sukaldaritza publikora zabaltzea izan zen, eta lortu egin zuen, besteak beste, Bon Appetit Bien Sur izeneko saioarekin (2000), errezeta sinpleak azalduta.
Japonian egindako bidaia eta Espainian aperitibo-tabernak ezagutu eta gero, jatetxe kontzeptu berria garatu zuen, giro dinamikoa eta gaztea sustatuz, baina kalitate handiko produktuak eskainiz. Kontzeptu hori L'Atelier izeneko jatetxean gauzatu zen, Parisen hainbat daude.