Itxi

kultura

BILERA, BILBON

Hizkuntza aniztasuna gehiago babesteko eskatu dio Euskaltzaindiak Espainiari

EITB.EUS

Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseilua egin da Bilbon, eta Andres Urrutiak hartu du parte, besteak beste.

  • Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseilua, gaur, Bilbon.

    Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseilua, gaur, Bilbon.

Hizkuntza aniztasunaren aldeko ahalegin handiagoa egiteko eta Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta izenpetu zuenean hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Euskaltzaindiak Espainiako Gobernuari.

Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseilua bildu da gaur Bilbon, eta bertan izan da Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua,  Meritxell Batet Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren ministroak gonbidatuta.

Bilera horretan, Euskaltzaindiak ohar bidez jakitera eman duenez,  "plangintza linguistikoak eta hizkuntza politikak modu bateratuan egiteko eskatu dio Espainiako gobernuari Akademiak eta, era berean, elkarlanean sakontzeko eta hitzarmen zehatzak bideratzeko konpromisoa azaldu du".

Euskaltzainburuak gogorarazi du "oraindik ere estatuko erakundeek bide luzea egin behar dutela  hizkuntza gutxituen defentsan". "Katalana, okzitaniera, galegoa edo euskara bezalako hizkuntzen erabilera eta ezagutza bultzatu eta sustatzeko orduan, Espainiako estatuak notario edo begirale papera hartu du", Urrutiaren arabera.

Halaber, Espainiako Konstituzioan jasotako hainbat arau gogoratu ditu euskaltzainburuak batzarkideen aurrean, eta, besteak beste, "Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea" dela eta "ondare horrek begirune eta babes berezia" izan behar duela nabarmendu ditu.

Bilera amaitutakoan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza bisitatu dute Kontseiluko kideek.