Itxi

kultura

Abuztuak 17-24

Bilboko Udalak Aste Nagusirako musika egitaraua itxi du

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko jaietan 100 kontzertutik gora egongo dira hiriko 8 txokotan paratutako agertokietan. Alfred, Go!azen eta Huntza batuko zaizkio iragarritako Su Ta Gar, C. Tangana eta abarrei.

  • Huntza

    Huntzak jaietako asteazkenean joko du, Europa parkean, Gaztea Gauean. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Bilboko Aste Nagusiak publiko guztietarako moduko ehun musika jarduera baino gehiago eskainiko ditu hirian barreiatutako zortzi agertokitan, bederatzi egunez, abuztuaren 17an hasi eta hilaren 24ra arte.

Antolatzaileek Sweet California, Alfred OT musika saioan izandako kantaria, Ender & Funambulista eta “Go!azen” telesaileko protagonisten ikuskizuna erantsi dizkiote, besteak beste, aurretik iragarritako egitarauari, zeinetan ageri baitziren Su Ta Gar, Bebe, Huntza, C. Tangana espainiar rap kantaria, Monica Naranjo, El Duo Dinamigo eta La M.O.D.A.

Su Ta Garrek irekiko du Abandoibarreko agertokiko programazioa larunbatean, abuztuak 17, 23:30etik aurrera. Eibartarren kontzertuaren biharamunean, abuztuaren 18an, Sweet Californiak eskainiko du kontzertua, eta astelehenarekin, abuztuak 19, Duo Dinamicoren txanda iritsiko da.

Abuztuaren 20ko gauean Bebe arituko da, eta 21ean Monica Naranjo Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Aurretik iragarrita bezala, abuztuaren 22an La M.O.D.A.k joko du, eta horien ondoren etorriko da Alfred ostiralean, abuztuak 23, eta Ender & Funambulista larunbatean. Funambulista Diego Canteroren taldea da, eta Enderrek Youtuberen bidez jaso du ospea.

Larunbateko kontzertuaren aurretik, ume eta nerabeek Go!azenen ikuskizuna jarraitu ahal izango dute, 18:00etatik aurrera.

Europa parkea

Txurdinagako Europa parkeko emanaldiak asteazkenean hasiko dira, abuztuaren 21arekin. Gaztea Gaua ospatuko dute egun horretan, eta Huntza eta Revolta Permanent izango dira agertokiaren gainean.

Ostegun eta ostiraleko gauetarako, Aste Nagusi Dance eta ADI Megastar ikuskizunak prestatu dituzte, eta Aste Nagusiko azken gauean, abuztuaren 24koan, C. Tanganak joko du Europa parkean.