Itxi

2020/02/05

09:34

kultura

Iruña-Veleia auzia

Inork ez zituen grafitoak dudan jarri, aztarnategiko zuzendarikide ohiaren hitzetan

Agentziak | Erredakzioa

Idoia Filloy arkeologoak nabarmendu duenez, ez dago "ahobatezkotasun zientifikorik" grafitoak faltsuak zirela esateko, eta Iruña-Veleian ondo lan egin zutela adierazi du.

1:10
Iruña-Veleia auziko epaiketa / EiTB
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Idoia Filloy Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendarikide ohi eta arkeologoak auziko epaiketan adierazi duenez, arkeologia aztarnategi hartan 2005 eta 2006 bitartean lan egin zuten adituetako batek ere ez zuen zalantzan jarri aurkitutako grafitoak edota erabilitako metodologia.

Miguel Angel Berjon, Jose Angel Apellaniz eta Carlos Crespo arkeologoez galdetuta —aztarnategia utzi eta prentsaurrekoan salatu zuten "irregulartasun larriak" egon zirela Iruña-Veleian—, Filloyk esan du horiek ere ez zirela kexatu.

Horrez gain, aurkitutako grafitoak faltsuak zirela esateko "ahobatezkotasun zientifikorik ez dago" eta "metodologia zuzena" erabili zuten, horren iritzian.

Idoia Filloyk lekuko gisa deklaratu du astearte honetan Gasteizko Zigor arloko 1. zenbakiko Epaitegian Iruña-Veleia auziaren epaiketan. Aztarnategi hartan topatutako piezek, besteak beste, euskara III. mendean agertu zela erakusten zutela esan zuten, eta "aurkikuntza historikoa" zela.

Filloy Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiarekin ezkonduta egon zen bederatzi urtez, eta gaur-gaurkoz, Lurmen enpresako administratzailea da harekin batera. Lurmen izan zen, hain justu, Iruña-Veleiako arkeologia lanak kudeatu zituen enpresa.

Arkeologoak azaldu duenez, grafito batzuk aztarnategitik atera eta berehala ikusi zituzten, baina gehienak garbitu ostean ikusi zituztela aitortu du. Izan ere, pieza zikin dagoenean "zaila" da grafitoak ikustea, horren esanetan.

Ainhoa Gil Iruña-Veleiako zuzendari ohiaren arreba eta aztarnategiko langileak ere lekuko gisa deklaratu du. Bertan azaldu duenez, garbiketa eremuan zegoen bera, eta grafito gehienak handik pasatu ostean antzeman zituzten. Pieza kopuru handia zutenez, garbitu aurretik hilabeteak pasatu ahal zirela argitu du.

Irregulartasunak salatu zituzten hiru arkeologoei buruz esan du aurkikuntzak "pozik" hartu zituztela eta inoiz ez zituztela zalantzan jarri. Antzeko adierazpenak egin ditu epaiketan lekuko gisa deklaratu duen hirugarren eta azken langileak.

Asteazken honetan jarraituko du epaiketak, lekuko gehiagorekin. Besteak beste, irregulartasunak salatu zituzten arkeologoek deklaratuko dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;