Itxi

kultura

Iruña-Veleia

Kaligrafian aditu batek dio Eliseo Gilek egin zituela Iruña-Veleiako faltsifikazioak

Agentziak | Erredakzioa

Azaldu duenez, ikerketa batek frogatu du hori. Gilen defentsak, alabaina, zalantzan jarri du ikerketa hori, Photoshop editorea erabili baitu konparazioa egiteko.

  • Eliseo Gil, epaiketako saio batera sartu aurretik.

    Eliseo Gil, epaiketako saio batera sartu aurretik. Argazkia: EFE.

Kaligrafian aditu batek esan du Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohiak egin zituela bertan agertutako ustezko grafito faltsuak. Ostegun honetan azaldu duenez, ikerketa batek hori frogatu du, baina Gilen defentsak zalantzan jarri du ikerketa hori, Photoshop editorea erabili baitu konparazioa egiteko.

Arkeologia-aztarnategi horretan izandako ustezko faltsifikazioengatik Gasteizen egiten ari diren epaiketan, ostegun honetako saioan kaligrafia-txostenak izan dituzte hizpide berriro, faltsifikazio horiek nork egin zituen argitze aldera.

Fiskaltzaren eta Arabako Aldundiaren iritziz, Gilek egin zituen (Aldundia akusazio partikularra da, eta Gil da auziko inputatu nagusia). Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu ditu Gilentzat, eta Aldundiak zazpi eta erdi.

Asteazkenean, kaligrafian hiru adituk egin zuten adierazpena: Ertzaintzako bik eta Aldundiarentzako txosten bat egin zuen beste batek. Hirurek nabarmendu zuten ezin izan zutela ondorioztatu Gilek ustezko grafito faltsuak egin izana. Ikerketak egiteko, ustezko grafito faltsuen argazkiak eta txostenak, alde batetik, eta Gilek egindako idazki eta irudi batzuk, bestetik, alderatu zituzten (arkeologo batzuek esan dutenez, Gilek egurraren gainean egin zituen idazki eta irudi horiek, erakustekoa zen erromatar komun baten kopian; ustezko grafito faltsuak aztarnategian aurkitutako zeramika batzuetan topatu zituzten). Gilek kopia horretako marrazkiak egin zituela onartu du, hori bakarrik.

Esan zutenez, "kointzidentzia morfologikoak" antzeman zituzten; Aldundiko adituaren esanetan, "oso garrantzitsuak, deigarriak eta adierazgarriak" ziren horiek. Baina ezin izan zuten ondorioztatu zeramiketako eta kopiako idazkiak eta irudiak pertsona berak egin izatea, eta, horrez gain, onartu egin zuten ez dagoela inon modu zientifikorik horrelako ondorioak ateratzeko. Arrazoia da materialak desberdinak direla, eta, hortaz, ez dago alderatzerik parametro jakin batzuk: presioa, abiadura, tipo-keinuak eta motrizitate leuna.

"Esku berak egin zituen"

Ostegun honetan, beste aditu batek egin du adierazpena (berak ere egin zuen Aldundiarentzako txostena); konparazioa egin ostean, argiagoa izan da: "Esku berak egin zituen guztiak", ziurtatu du.

Esan duenez, ez dago identifikazio grafikoko metodo zientifikorik, eta idazteko erabilitako objektua edo materiala ez dira garrantzitsuak zehazteko nor den testu baten egilea. Gehitu duenez, nork bere modu "pertsonala eta berezkoa" du idazteko, eta modu hori, azkenean, beti geratzen da agerian, kopiatzen ari garen arren.

"Agian kasu honetan bi pertsona daude, bata hirugarren mendekoa eta bestea hogeigarren mendekoa, eta idazteko modu berdina zuten. Hala balitz, topatu egin dugu, esku bera baita, zehazki esku bera. Zorte handia izan dugu", nabarmendu du.

Adituaren esanetan, "oinarri zientifikoa" duten "esperimentuak" egin ditu txostenean islatu duen iritzia emateko; adibidez, Photoshop editoreaz baliatuta, alderatzekoak diren grafien eta marrazkien tamainak berdindu ditu, lerroek eta trazuek bat egiten ote duten aztertzeko. Gilen abokatuak, baina, zalantzan jarri du prozedura hori, bai eta adituaren txostenaren sendotasuna ere.

Eusko Jaurlaritzaren Ondareko teknikari baten adierazpena

Ostegun honetako saioan, Eusko Jaurlaritzaren Ondareko teknikari batek ere egin du adierazpena, lekuko gisa. Azaldu duenez, nagusi batek eskatuta, balioespen "abstraktua, generikoa" egin zuen, ustezko faltsifikazioengatik kalteak zituzten zeramika-piezen gainean; helburua zen etorkizunean tasazioa egitea.

Teknikariak, arkeologoa bera, nabarmendu du lan orren asmoa ez zela izan balioespen "zehatza" egitea, baizik eta kalte ekonomikoaren gutxieneko zenbatekoa ezartzea. Hala, epaitegira helarazitako txostenak dioenez, "pieza bakoitzak 600 eurotik gorako kaltea izango luke". Fiskaltzaren esanetan, 476 piezatan daude kalteak.

Ruben Cerdan fisikaria ere dago auzipetuta. Fiskaltzak haren aurkako bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du, eta Aldundiak beste hiru hilabete gehiago. Epaiketak astelehenean jarraituko du.